Azaroaren 8an Ameriketako Estatu Batuetarako presidentea aukeratzeko hauteskundeei begira, Alderdi Errepublikanoak ofizialki aukeratu du bere hautagaia egunotan eginiko konbentzioan. Alderdiko ordezkariek Donald Trump izendatu dute presidentegai.
Twitterren argitaratu du erreakzioa Trumpek: "Ohore handia da AEBetako presidentetzarako hautagai errepublikanoa izatea. Gogor egingo dut lan eta inoiz ez dizuet huts egingo. Lehenik Amerika!". Trumpek historikotzat jo du bere garaipena: "Gaurkoa oso egun berezia izan da, ez dut inoiz ahaztuko".
1.237 ordezkariren botoak behar zituen gutxienez, eta muga hori gainditu du Trumpek: 1.725 eskuratu ditu. Guztira 2.472 ordezkarik zuten boto eskubidea, eta Trumpek %69,8ren babesa jaso du. 1976az geroztik hautagai errepublikano batek jaso duen babes mailarik apalena da.