IMMIGRAZIOA

40.000 immigrante banatzea proposatu du Europako Batzordeak

Bi urteko epean, Alemaniak 8.763 lagun hartu beharko lituzke; Frantziak 6.752, eta Espainiak 4.288.

Dimitris Avramopoulos Europako Batasuneko Immigrazio komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
2015eko maiatzaren 27a
14:47
Entzun

Apirilaz geroztik Italia eta Greziako kostaldera heldutako 40.000 immigrante Europako Batasuneko herrialde ugariren artean banatzea proposatu du Europako Batzordeak. Alemaniak, Frantziak eta Espainiak hartu beharko lituzkete immigranteen erdiak, eta beste erdiak beste hogei estaturen artean banatu beharko lituzkete. Banaketa horretatik kanpo leudeke Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarka.

"Aurrera egiteko erabaki irmoa dugu. Espero dut herrialdeak eta Europako Parlamentua prest egotea gurekin aurrera egiteko", esan du Europako Batasuneko Immigrazio komisario Dimitris Avramopoulosek.

Horrela, maiatzaren 13an iragarritako neurriari eutsi dio Europako Batzordeak. Orduko hartan, kuota bidezko sistema bat proposatu zuen etorkinak banatzeko, immigrante gehien jasotzen dituzten estatuen "karga arintzeko".

Gaur egun, Greziak, Maltak eta Italiak jasotzen dituzten etorkin gehien, Afrika iparraldetik eta Ekialde Hurbiletik datozen asko bertatik sartzen direlako Europako Batasunera. Nolanahi ere, babes eskaera gehien Alemaniak eta Suediak jasotzen dituzte. Iaz 214.000 pertsonari onartu zitzaien asilo eskubidea, eta kasu horietatik %26 eta %18 bi herrialde horiek tramitatu zituzten, hurrenez hurren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.