Berrogeitik gora lagun hil eta dozenaka zauritu ziren atzo Pakistanen, eraso suizida baten ondorioz. Afganistango mugatik gertu, segurtasun indarren postu baten aurkako erasoa izan zen. Atentatuan, baina, NBEko janaria banatzeko gune batean eguneko anoaren zainzeuden hainbat errefuxiatu hil ziren.
Bajaur eskualdeko Khar hiriburuan egin zuten erasoa. Ustez, burka zeraman emakume gazte batek bere burua leherrarazi zuen Poliziaren postu baten aurrean. Lekukoen arabera, erasoan, polizia bat eta 42 zibil hil dira, tartean haurrak.
Erasoa gertatu zen tokitik gertu dauka NBEk janaria banatzeko Elikadura Programako gunea.Ipar-mendebaldeko gatazkaren ondorioz lekualdatutako hainbat eta hainbat lagun eguneroko janari anoa jasotzera joana zen bertara atentatuagertatu zenean. Erasoan, Elikadura Programako inor zauritu ez dela adierazi dute. Dena den, janaria banatzeari utzi behar izan zioten.
Yusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroaren esanetan, erasoa «matxinatuen ekintza basatia» izan da. Ekintzaileek giza eskubideekiko eta erlijioarekiko inolako errespeturik ez dutela gaineratu zuen.
Egun bat lehenago, hain justu, bi herrialdeen arteko mugan, Mohmand eskualdean, beste 27 pertsona hil ziren. Matxinatuen eta mugako soldaduen arteko borrokaldiaren emaitza izan zen hori. Segurtasun indarren arabera, gauerdiaren ostean, 150 ekintzaile islamista inguruk mugako guardien bost posturi eraso egin zietenean hasi zen gatazka.
Afganistango muga
Afganistanekin muga egiten duen Pakistango eremua inguru ezegonkorra da. Bertan babesa bilatzen dute maiz talibanek eta bestelako talde erradikalek, hala nola Al Kaedako kideek.
Azken hiru urteotan, Pakistango armadak hainbat eraso egin ditu eskualde horietan matxinatuen aurka. 2008ko udan, esaterako, talibanen aurkako operazio handi bat egin zuten. Militarrek behin baino gehiagotan eskualdea «garbitu» dutela esan izan badute ere, lasaitasuna ezatzea ez dute gaurdaino lortu, eta tarteka erasoak izaten dira.
«Afganistango muga armadak zaintzen badu ere, hoeko kontrola ahula da», halaxe mintzatu da Hasan Askari Rizvi, Pakistango analista militar bat. Haren iritziz, ekintzaile islamistek gaur egun ere botere handia dute eskualdean, eta gai dira tarteka eraso bortitzak egiteko.
AEBen diru laguntza
Egunotan, hain zuzen ere, AEBek 633 milioi dolar eman dizkiote Pakistango gobernuari, taliban matxinatuen aurkako borrokan eginiko gastuen ordainsari gisa.
Urtero-urtero Islamabadektalde armatuen aurkako borrokan «ehunka milioi dolar» gastatzen dituela gogorarazi zuten AEBek. Horiek horrela, 633 milioi dolarrak aurtengo urtarriletik ekaina bitartera eginiko gastuak estaltzeko direla argitu du.
AEBek integrista armatuen aurka egiten duten herrialdeak laguntzeko duten programaren barruan eman diote Islamabadi laguntza hori. Munduko egonkortasunaren alde egiten dutenak saritzea da laguntzaren xedea.
40tik gora errefuxiatu hil dituzte Pakistanen, eraso suizida batean
Afganistango mugatik gertu, soldaduen eta matxinatuen arteko, borrokaldi batean, beste 27 lagun hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu