Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren aurkako estatu kolpe saioaren ostean, "garbiketa" egiten jarraitzen du Ankarak. Kolpearen erantzule egiten duten Fethullah Gulen predikatzailearen sarekoak izatea egozten die gobernuak gaur atxilotutako kazetariei.
Martxoan konfiskatu zuen Zaman egunkaria Erdoganen gobernuak; azken urtean zenbait hedabideren aurka egin du, haiek Gulenekin lotura zutela argudiatuta. Langileak kaleratu zituzten hainbat komunikabidetatik, eta administradoreak jarri zituzten, edukiak kontrolatzeko.
Uztailaren 15eko estatu kolpe saiakeraren ondotik, sarekada handiak egin ditu Turkiako Gobernuak, herrialdeko estatu egiturak "garbitzeko" helburuarekin. Azken asteotan 50.000 funtzionario baino gehiago kaleratu ditu, eta 11.000 pertsona baino gehiago atxilotu.