Migrazioa

50 errefuxiatu hil dira Austrian, kamioi batean zeramatzatela, itota

Errepide baten alboan aparkatuta zegoen ibilgailua. Bizirik atera dituzten errefuxiatuen artean hamar adingabe daude.  

Errefuxiatuak aurkitu dituzten kamioia, Neusiedl eta Parndorf herrien artean, Austria eta Hungariaren arteko mugan, errepide baten alboan. ROLAND SCHLAGER, EFE
Lukas Barandiaran San Roman, Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 27a
13:40
Entzun

Geldialdirik gabe eta arnasa hartzeko aukera apenas zutelarik egin dute Serbiatik Austriarako bidea. Onik atera direnek adierazi dute gidariari "behin eta berriz" eskatu diotela gelditzeko, baina honek ez diela kasurik egin eta Serbiako mugatik atsedenaldirik gabe jarraitu duela. Neusiedl lakuaren eta Parndorf herriaren artean, Austria eta Hungariaren arteko mugan, dagoen errepide baten alboan abandonatuta zegoen kamioia, errefuxiatuak topatu dituztenean.

Hozkailu kamioi bat da, antza denez, errefuxiatuak zihoazena, eta ikerlariek uste dute atzotik zegoela aparkatuta matxuratutako ibilgailuentzako gunean, A4 autobidearen alboan. Mantentze lanetan zebilen lagun bat izan da gaur poliziari deitu diona, kamioia abandonatuta zegoela sumatu duenean.

Kamioiak matrikula hungariarra du, eta bi herrialdeetako polizia elkarlanean ari da gidariaren bila, Viktor Orban lehen ministroaren kabinete buruaren arabera, ez baitute arduradunaren inongo arrastorik. Era berean, Europar Batasuna kritikatu du Orbanek gaur eguerdiko agerraldian, eta migratzaileen eta asilo eskatzaileen sarrera kontrolatzeko gai ez izatea leporatu dio: "Azken egunotako gertakariek argi utzi dute EB ez dela gai bere mugak defenditzeko".

EBk eta Balkanek goi bilera egin dute Vienan, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak "hunkiturik" hitz egin du: "Espiritu europar batekin, hau da, elkartasun espiritu batekin, inmigrazioaren arazoari lehenbailehen aurre egin behar diogu eta irtenbideak aurkitu behar ditugu".

Bestalde, Mediterraneo itsasoak migratzaileen bizitzak irensten jarraitzen du, eta itsaspeko hilerria handituz doa. Azkeneko orduetan, 54 lagunen gorpuak aurkitu dituzte Mediterraneo erdialdean: 50 gorpu 439 bidaiari zeramazkien ontzi baten sotoan zeuden; beste ontzi batek 120 bidaiari eta hiru hildako zeramatzan; eta azken gorpu bat itsasotik atera dute.

Hungaria atea itxi nahian

Errefuxiatu eta migratzaileen jarioak ez du etenik Europa erdialdean, eta neurri zorrotzak hartzen ari dira. Kosta ahala kosta, Hungariako Gobernuak hesi igaroezin bilakatu nahi du hegoaldeko muga, eta horretara bideratu ditu hartutako azken neurriak. Greziara heltzen diren migratzaileentzat, Hungaria da EB Europako Batasunera sartzeko atea, Grezia igarobide soil bat da eta. Jario hori eteteko nahiarekin, Budapest armada nola erabili aztertzen ari da; gainera, hesiak eraikitzen ari da Serbiako mugan, eta 2.106 polizia gehiago bidaliko ditu 175 kilometroko lerroa zaintzera.

Italia eta Greziaz gain, Balkanetako herrialdeak ere migratzaileen igarobide bilakatu dira. Greziara heltzea lortu duten errefuxiatuek Europa iparraldeko herrialde aberatsak dituzte helburu; Alemania, Suedia eta Austria, esaterako. Bide horretan, Mazedonia, Serbia eta Hungaria zeharkatzen dituzte. Herenegun, 2.533 lagun atxiki zituzten Hungariako muga «legez kanpo» zeharkatzeagatik; Hungariako Poliziak dioenez, egun bakarrean zenbatutako daturik altuena da.

Budapestek egoerari amaiera eman nahi dio, eta, horretarako, armada erabiltzeko prest azaldu da. «Gobernuak eta segurtasun nazionalerako kabineteak eztabaidatu dute nola erabil daitekeen armada Hungariako eta EBko muga zaintzeko», azaldu du Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak. Armadaren erabilera parlamentuak baimendu beharko luke, baina Fidesz alderdi eskuindarrak —gobernuan dagoenak— adierazi du jada horretarako lanean dela. Parlamentuan gehiengo oso zabala dauka: 199 diputatutik, 133.

Hungariak hainbat neurri hartu ditu migratzaileek bere mugak zeharkatu ez ditzaten. Ezartzen ari den burdin hesia abuztuaren 31rako bukatu nahi du, baina hesi hori behin behinekoa da, azarorako lau metroko hesia eraikia edukitzea espero baitu. Gainera, 2.106 polizia gehiagok zainduko dute muga irailaren 15etik aurrera, txakurren eta helikopteroen laguntzarekin. Hartutako neurriek tentsioa eragin dute segurtasun indarren eta migratzaileen artean. Lekuko komunikabideen arabera, muga ondoko Roszke hirian negar gasa erabili du poliziak migratzaileen aurka, harrera eta kontrol zentro batean.

Europako Batzordeak hesia altxatzea kritikatu du, baina ez du inolako neurririk hartu horren aurka. Egoerari irtenbide bat bilatzeko, bilera bat egingo dute inguruko gobernuek eta EBko goi karguek gaur, baina Budapest ez da bertan izango. Dena den, EBk iragarria du milioi eta erdi euroren laguntza emango diela Serbiari eta Mazedoniari migratzaileak artatzeko. Bestalde, Poloniak beste eztabaida bat sustatu nahi du EBn: errefuxiatu politikoen eta migratzaile «ekonomikoen» artean bereizketa bat egiteko nahia azaldu du. Izan ere, EBko kideek soilik herrialde «ez seguru» izendatu dituztenetako errefuxiatuak onartzen dituzte; soilik horiek dute asilo eskubidea. Poloniako Atzerri ministrorde Rafal Trzaskowskik esan du batasunaren mugako sarrerak indartu behar direla, bertan egin ahal izateko bereizketa hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.