50 etorkin desagertu dira Kanaria uharteetara bidean, itsasontzi bat hondoratuta

Ehun lagun inguru zeramatzan txalupa irauli egin da; 48 erreskatatu dituzte

arantxa iraola
2007ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Asteazken iluntzean Kanaria uharteetara bidean, Tenerifetik 90 bat itsas miliatara, 100-105 lagun zeramatzan txalupak buelta eman zuen. 48 pertsona erreskatatu egin zituzten, baina gainerakoak, 50 lagun inguru, itsasoan desagertu ziren.

Irauli zenerako, bi atoik lotuta zeramaten txalupa. Itsasoaren zakarretik --lau metroko olatuak eta haize bortitza zeuden-- ontzia ateratzeko ahaleginetan ari ziren erreskate taldeak, baina nahi eta ezin aritu ziren; txalupa irauli egin zen.Ahal zituzten etorkin guztiak atera zituzten itsaso zakarretik, baina gainerakoak desagertu egin ziren. Ahaleginak egin zituzten bizirik norbait aurkitzeko, baina eguraldiaren zakarrak zailak eta antzuak bihurtu zituen bilaketa lanak.

Espainiako Poliziako ordezkari Joan Mesquidak esan zuen ontziko pertsonak «oso urduri» zeudela, eta, hein batean, haien egonezak eragindako mugimenduen ondorioz irauli zela txalupa itsasoan. Erreskatatutako pertsonak berehala lehorrera bidean jarri zituzten. Gurutze Gorriko ordezkariek jakinarazi zuten Kanaria uharteetan dituzten baliabideak bikoiztu egingo dituztela etorkin hauei behar bezalako harrera egin eta aterpe ahalik eta txukunena eskaintzeko. Nolanahi ere, eskura zuten informazioaren arabera, etorkin horiek ez zeuden osasun egoera txarrean , eta ez zuten pentsatzen arreta apartekorik beharko dutenik.

Europara sartu nahi duten etorkin askoren jomuga izaten dira Kanaria uharteak, eta haien nekeen berri zuzena izaten dute Gurutze Gorriko mediku eta kolaboratzaileek. Atzokoa, hala ere, aparteko egoera larria dela onartu zuten, eta neurri bereziak hartu beharko dituztela. «Lehenagotik ez dugu oroitzen horrelakorik».

Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako erakunde CEARek samina erakutsi du gertaeragatik, eta, immigrazioaren arazoa konpontzeko, herrialde behartsuetan laguntzea ezinbestekoa dela gogorarazi du. Kanaria Uharteetako presidente Paulino Riverok, bere aldetik, laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari era honetako gertaerak saihesteko. «HauKanariar uharteetako itsasertzean gertu gertatzen den era honetako jazoera larriena da», azaldu du. «Hondamendi hauen aurrean ezin du beso-gurutzaturik geratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.