Migrazioa

50 hilotz aurkitu dituzte 400 lagun zihoazen barku batean

Egun bakarrean 2.500dik gora pertsonak zeharkatu dute muga; horietatik 500 inguru adingabeak dira. Siria, Afganistan eta Pakistandik joandakoak dira gehienak.

arantxa elizegi egilegor
2015eko abuztuaren 26a
07:50
Entzun

Beste berrogeita hamar pertsona hil dira Europarako bidean. Itsasontzi bateko sotoan topatu dituzte gorpuak, Libiako kostan, eta 430 errefuxiatu erreskatatu dituzte. Laguntzera joan den ontzi suediarrak 130 pertsona erreskatatu berri zituen, Sorospen Zentro Nazionalaren deia jaso duenean.

Kostazainek jakinarazi dutenaren arabera, Libiako kostatik 50 kilometro ingurura zailtasunak dituzten hamar ontziren larrialdi deiak jaso dituzte egun bakarrean. Momentuz, bost besterik ez dituzte artatu, eta gainontzekoei laguntzeko bidean direla jakinarazi dute. MOAS bilaketa eta erreskateen erakundea ere parte hartzen ari da: "Erabateko erreskatea martxan da". Gutxienez beste 1.000 errefuxiatu arriskuan daudela jakinarazi dute Mugarik Gabeko Medikuek.

Mugan armada jartzea aztertzen ari da Hungaria

Mugitzeko askatasuna bermatzen duen Schengen eremuko herrialdeetako bat izateak bilakatu du Hungaria milaka etorkinen jomuga. Izan ere, Egeo itsasoa zeharkatuz Greziara heltzen direnek hura dute ametsetako Europarako gertueneko sarrera. Horrek eta egun gutxiren buruan muga itxiko dutela jakiteak handitu egin du Europarako ateak zeharkatu nahi dituztenen kopurua. Atzo bertan, 2.500dik gora lagun atzeman zituzten Hungariako segurtasun indarrek; horietatik 500 inguru adingabeak dira —urte hasieratik 120.000 errefuxiatu heldu dira Hungariara, eta gehienek Alemania eta Suedia dituzte helburu—.

Egoera "kontrolaezin" bilakatzen ari dela ikusita. Hungariako Gobernua armada mugara bidaltzeko aukera aztertzen ari da. "Gobernua eta segurtasun nazionalerako kabinetea eztabaidatzen ari dira nola erabili armada Hungaria eta EBko mugak babesteko", jakinarazi du Zoltan Kovacs Gobernuko bozeramaileak.

Bestalde, "Europa defendatzeko" argudioarekin, diru laguntzak handitzeko eskatu dio Budapestek Bruselari. "Ez baditugu neurriak lehenbailehen hartzen, gehiegizko pisuaren ondorioz hondoratuko den salbatxalupa izango gara"

Europako Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi dute II. Mundu Gerraz geroztik izandako migrazio krisi larriena dela egungoa. Hala, zenbait herrialde hasiak dira eskatzen Bruselak errefuxiatuentzako politika bateratua ezar dezala, arrazoi ekonomikoengatik migratzen dutenengandik desberdintzeko.

Istiluak errefuxiatu guneetan

Muga igaro ostean, aurrera jarratzeko dokumentuen zain egunak egin behar izaten dituzte maiz migratzaileek. Ehunka pilatzen dira errefuxiatu guneetan; askotan, nahikoa elikagairik gabe eta behin-behineko aterpeetan. Ondorioz, ohiko bilakatu dira liskarrak.

Hungariako Poliziak negar gasa erabili zuen atzo Roszkeko errefuxiatu gunean, migratzaileen arteko liskarrak geldiarazteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.