Duela bi urteko egoerarekin alderatuta, hamar milioi desplazatu gehiago izan ziren iaz. IDMC Barne Desplazatuak Behatzeko Zentroaren arabera, 50,2 milioi desplazatu zeuden iazko urte amaieran mundu osoan. Horietatik ia gehienak , 45,7 milioi, gatazketatik ihesi joan ziren etxetik, eta gainontzeko 5,1 milioiak, natur hondamendien ondorioz. "Inoizko kopuru handiena da", ohartarazi du Alexandra Bilakek, erakundeko zuzendariak.
Gatazken ondorioz desplazatu direnak 61 herrialdetan banatzen dira, gehienbat Saharaz hegoaldeko estatuetan, non indarkeriak gora egin duen azken hilabeteetan. Somaliako eta Hego Sudango gerrek, esaterako, ihes egitera behartu dituzte ehunka milioi herritar.
Asia eta Ozeano Barearen inguruetan, aldiz, natur hondamendiek eragin dituzte desplazatu gehien. Indiaren, Filipinen, Bangladeshen edota Txinaren kasuan, esaterako, hondamendiek lau milioi desplazatu eragin dituzte azken urtean, nahiz eta horietako gehienak gobernuen aginduz lekualdatu. Afrikan ere badute eraginik natur hondamendiek: martxoan Mozambike jo zuen Idai zikloiak milaka lagun utzi zituen etxerik gabe, eta iazko urte bukaeran haietako askok behin-behineko kanpalekuetan jarraitzen zuten.
Balizko krisialdiaren ondorioak
Iazko urrian NBE Nazio Batuen Erakundeak barne desplazatuentzako batzorde berezi bat osatu zuen. eta aurtengo otsailean egin zuen hark lehen bilera. Egoeraren azterketa egitea eta NBEko idazkari nagusiari aholku sorta bat ematea zen haien lehen helburuetako bat, hortik desplazatuentzako irtenbide eta baliabideak antolatzeko.
Koronabirusaren krisiak, ordea, krisi ekonomikoa ekarri du berekin, eta horrek laguntza ekonomikoak gutxitzea eragin dezake. Egoerarekin kezkatuta agertu da Bilak: «Atzeraldi batean sartzen bagara, herrialde diru-emaileek gutxiago emango dute. Egoera gogorra izango da».
«Barne desplazatuak egoera oso ahulean dagoen jendea izan ohi dira; gainezka eginda dauden behin-behineko kanpalekuetan bizi dira, eta osasun arreta lortzeko aukera gutxi edo batere ez dute. Bizi dugun krisiak are ahulago egingo du euren egoera, lehen baino baliabide gutxiagorekin utziko baititu», nabarmendu du IDMCko buruak. Bilakek azaldu duenez, desplazatuekin lan egiten duten hainbat erakundek dagoeneko salatu du gobernuak oztopoak jarri dizkietela giza laguntza banatzeko.