Atentatuak ugaritu egin dira azken egunetan Afganistanen; talibanek ohartarazi zutenez, hilaren 28an egitekoak dituzten hauteskundeak oztopatzen ahaleginduko ziren, eta hitza betetzen ari dira. Asteartean, bi atentatutan, 48 pertsona hil zituzten; gaur, beste hogei hil dituzte bonba-kamioi batekin egindako eraso batean.
Zabulen izan da erasoa, hegoaldean. Ekintzaileek Gobernuaren egoitza baten aurka egitea zuten helburu, baina ibilgailua erietxe baten ondoan zegoen, eta, beraz, tartean erietxeko langileak eta zibilak ere hil eta zauritu dituzte; 95 inguru direla jakinarazi dute osasun zerbitzuek, eta ez dute baztertzen datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea.
Afganistango Informazio Zerbitzuen eraikin baten aurkakoa zen erasoa, baina, jarritako lehergailua oso handia zenez, erietxean ere kalte handiak eragin ditu. "Bonba oso handia zen, eta kamioi txiki batean zegoen ezkutatuta", azaldu du Defentsa Ministerioko eledun batek.
Aldi berean, baina ekialdeko Nangarhar eskualdean, beste 25 pertsona hil dituzte bonbardaketa batean. "Inguru menditsua da bonbardatu dutena, eta, beraz, zail da zehazki jakitea zenbat hil diren, eta zenbat zauritu; baina bertakoen arabera, 25 izan daitezke hilotzak, eta 30 inguru zaurituak", adierazi du Attaullah Khogyanaik, gobernuko eledunak.
Afganistango armadak bere gain hartu du "hutsegitea", eta adierazi dute talibanen gotorleku bat zutela helburu, baina haren tokian kakahueteak biltzera joandako nekazari talde bat jo dutela.