500 eguneko atzera-kontua

Frantzian, presidentetza bozetarako prestatzen hasi dira ezkerra eta eskuina, Sarkozyren unerik okerrenean

2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen atariko atzera-kontua hasi da, astelehenean 500 egun bete zirenetik —2012ko apirilaren 22an dira egitekoak—, eta gauza asko gertatzen ari da egun horri begira, mugimendu asko alderdietan. Nicolas Sarkozy eskuindarra, 2007an hautatu zutena, bigarren agintaldira lehiatzeko asmoan da. Alabaina, azterketen arabera behintzat, herritarrek egun agertzen dioten gaitziritzia aintzat hartu behar balitz, oso aukera gutxi luke beste behin garaitzeko. Hori dela eta, oposizioko indar nagusi PSk aukera handiak ikusten ditu Eliseora sartzeko. Arazoa da, baina, presidentegai sozialista izateko gogoan hautagaiak soberan direla.

Duela hiru urte eta erdi pasa, bozen %53 lortuz, Segolene Royal hautagai sozialistari erraz gailendu zitzaion Sarkozy, baina egun oniritzi maila apalena du Frantziako presidenteen artean. IFOP inkesta etxearen azken neurketaren arabera, frantses herritarren %32k baino ez dute begi onez ikusten Eliseo jauregiko egoiliarraren jarduna. Orain arte, Frantziako presidenteen artean, Valery Giscard d'Estaingek izan zuen gaitziritzi handiena bigarren agintaldi baterako epemugatik 500 egunera. Horrek herritarren %48ren oniritzia baino ez zuen biltzen, 1981eko hauteskundeetatik urtebat eta erdi lehenago. Gaitziritzi zabal haren ondorioak nabaritu ziren, François Mitterrand hautagai sozialistaren kontra galdu zuelarik 1981eko maiatzaren 10ean.

Nicolas Sarkozyk uste du, haatik, gaur egun frantziar askorengandik oso gaizki ikusia izateak ez diola baitezpada galera jasanaraziko 2012an. Boz horiek etorriko direlarik, aurre egiten jakingo duela eta iritzi publikoaren gehiengoa bereganatzea lortuko duela pentsatzen dute haren aholkari hurbilenek. Gobernuko kide batzuk ere baikor agertzen dira, hala nola François Baroin Aurrekontuetarako ministroa.Jacques Chirac aurreko presidentearen (1995-2007) jarraitzaileetarik izanaren esanetan, «aurkariak ikusita, gailentzeko aukera serioak daude».

DSKren erabakiaren zain

Esaldi aski erdeinagarri horrekin, PSk duen egoera aski nahasia izan du hizpide Baroinek. Izan ere, Sarkozyren aurka aurkezteko gisan, hautagai eskasik ez dute izango sozialistek, gaur egun hamar bat prest bailirateke PSren barne hautaketa batean lehiatzeko. Oraindik, hiru burukidek dute argiki adierazi alderkideen botoaren bila lehiatuko direla: Manuel Vallsek, Segolene Royalek eta Arnaud Montebourgek.

Haatik, PSren hautagaitzaren barne lehiaketara 2011ko ekainaren amaiera arte aurkeztu daitekeelarik, beste lehiakiderik egongo dela ez dago zalantzarik. Hala, hauek dira argiki edo ez hain argiki 2012ko presidentetza bozetara PSko hautagai izateko prest agertu diren beste batzuk: François Hollande, Segolene Royalen senar ohi eta PSko buruzagi izandakoa; Martine Aubry, gaur egun sozialisten burua dena; Pierre Moscovici, diputatua; Benoit Hamon, alderdi sozialistako ezkerreko adarraren aitzindaria; Jean-Louis Bianco, François Mitterranden aholkulari izandakoa; eta Daniel Le Scornet, horiek guztiak baino askoz gutxiago ezagutua dena.

Haatik, bai PSren barnean, bai Sarkozyren aldetik, presidentetzarako bozetara aurkeztuko den ala ez jakinmin handiena piztu duena da DSK edo Dominique Strauss-Kahn. Frantziako Ekonomia ministro izandakoa NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari nagusia da gaur egun. Jardun horretan 2012ko urria arte egotekoa litzatekeelarik, haren jarraitzaile askok espero dute PSko barne lehiaketan izatea. Ezen, orain arte eginiko inkesta guztiek agertu dute Strauss-Kahn lehiatuko balitz Sarkozy erraz gailenduko lukeela.

Haatik, haren balizko lehiatzeak ika-mikabatzuk sortu ditu PSren barruan. Alderdiaren ezkerreko jarrerakoek gaizki ikusten dute Strauss-Kahn izatea sozialisten hautagaia, ekonomia alorrean ikusmolde liberalegia antzematen baitiote. Ezen, sozialdemokraziaren ildokoa da, eta horrelakorik ez dute entzun nahi ere sozialista batzuek. Hala, barne lehiaketara aurkeztuko balitz, Benoit Hamon eta Arnaud Montebourg behintzat aurkari izango lituzke. Aubryk, berriz, adierazi du hura aurkeztuz gero ez dela lehiatuko PSren barne hautaketara. Antzeko jarrera azaldu du Pierre Moscovicik ere, Strauss-Kahnen jarraitzaile sutsuenetarikoak. Barne gatazkarik sor dezake alderdi sozialistan, Henry Emmanuelli Landetako diputatuak, esaterako, askotan esan baitu horrelakorik ez duela onartuko.

Villepin, beste amesgaizto bat

Dominique Strauss-Kahnen hautagaitzaz gain, Sarkozyk beste amesgaizto bat dauka: Dominique de Villepin. Eliseoko egungo egoiliarraren eta lehen ministro ohiaren artean etsaigo bizia hazi da, Clearstream auzia eta besterik tartean egonda. Villepinek Sarkozyren gobernu estiloa salatzen du, zuzenean jotzen dio, Frantziako presidentearen irudi onari kalte egiten diolakoan. Hortaz, litekeena da eskuineko sektore tradizionalen artean Villepinen presidentetzara aurkezteak arazo handiak sortzea Sarkozyri. Horrela uler daiteke Sarkozyren jarrerak eskuin aldera areagotzea azken garaiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.