Hiru presok baino ez zekiten planaren berri, bost hilabetean jardun zuten prestatzen, eta azkenean 475 presok egin dute ihes Kandahar-ko espetxetik (Afganistan), bertako ofizialek gaur esan dutenez. "Haietako hamahiru harrapatu ditugu dagoeneko", esan du Zalmai Ayubi Kandaharko Gobernuko eledunak.
Ekintzaileen bozeramaile Zabiullah Mujahid-ek ohar baten bidez adierazi du 541 direla ihes egin dutenak, eta "zio politikoengatik" zeuzkatela haiek denak barruan.
Ekintzaileek diote 300 metroko tunel bat eginda egin dutela ospa presoek, eta espetxearen kanpoaldean hasi zituztela lanak lagun batzuek. Haien arabera, kartzela ingurura suiziden talde bat bidali dute, Afganistango Polizia ihesa eragozten saiatzen bazen ere. "Hiru presok besterik ez zekiten zein zen plana eta, aldegiteko ordua iritsi denean, besteak banan-banan esnatzen joan dira". Hango atzoko 23:00etan hasi zen ihesa eta 03:30ean amaitu dute.
2008an Kandaharko espetxetik ia mila presok egin zuten hanka, ustezko talibanek ate inguruan kamioi bat lehertu ondoren.
Afganistango bigarren hiririk handiena da hura.