5.000 pertsonak etxea utzi behar izan dute Kanarietako sumendiaren ondorioz

La Palma uharteko El Paso herritik ateratako argazkia. MIGUEL CALERO/EFE
jone arruabarrena
2021eko irailaren 20a
09:53
Entzun

Oraingoz 5.000 pertsonak atera behar izan dute etxetik Kanaria uharteetako La Palman, atzo piztu zen Cumbre Vieja sumendiaren ondorioz. Atzo, 15:00ak inguruan hasi zen erupzioa, eta 17:00etarako jada alarma gorria piztu zuten irlako agintariek. Sumendiak Tazarcorte, El Paso, Fuencaliente, Mazo eta Llanos de Aridane herriei eragingo diela aurreikusten da, eta bertan, guztira, 35.000 lagun bizi dira. Hala ere, agintarien arabera, nahikoa izango da 10.000 lagun lekualdatzea.

Bi arrakala dauzka sumendiak, bien artean 200 metro daudela, eta zortzi lekutatik irteten da laba. Azken orduetan Kanaria uharteetako presidente Angel Victor Torresek azaldu duenez, laba zazpi metro garai da, eta inguruko etxeak irensten ari da. Oraingoz, ehun etxe desagerrarazi ditu.

Erupzioa hasi denetik, gainera, beste hamabost lurrikara izan dira uhartean. Hala ere, guztiak hiru puntu baino gutxiagokoak izan dira Richter eskalan, IGN Geografia Institutu Nazioalaren arabera.

Irailaren 11n hasi ziren lurrikarak uhartean, joan zen larunbatean. Lurrikaron fokuak 20 kilometroko sakoneran hasi ziren, baina gero eta azalerago joan ziren gertatzen. Hainbat egunez mugimenduak lasaitu ostean, atzo goizean 3,8 graduko lurrikara sentitu zuten, eta gero sumendia laba jariatzen hasi zen.

Cumbre Vieja Kanarietako sumendi aktiboenetako bat da. Uhartediko azken hiru erupzioetatik bi han gertatu dira: San Juan sumendia piztu zen 1949an, eta Teneguia 1971n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.