Kataluniako erreferenduma

5,3 milioi herritar, 2.315 bozkaleku eta 6.249 mahai

Igandeko erreferendumaren inguruko xehetasunak eman ditu gaur Generalitateak, eta mezu bat nabarmendu du: Botoa emateko aukera egongo da, zenbatu egingo dira, eta emaitzek zilegitasun osoa izango dute. Kontrako mezua eman du Espainiako Gobernuak: "Erreferendumik ez da egongo, legez kanpokoa delako".

Hautetsontzi bat erakutsi dute gaur. ANDREU DALMAU, EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2017ko irailaren 29a
16:47
Entzun

Datuak eman dituzte: bozkalekuak 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita. 5,3 milioi herritar daude bozkatzera deituta, haientzat 2.315 bozkaleku egongo dira, eta 6.249 mahai. Eta Junquerasek azpimarratu du, normaitek mahai horiek desegiten baditu, hala ere, herritarrek izango dutela botoa emateko aukera. Bozkatzeko modu bat baino gehiago dituzte prest.

Informatu ere egingo dute, edozein hauteskundetan egiten duten bezala. Turullek ez du zehaztu zenbat agerraldi egingo dituzten, ezta noiz eta non ere, baina beraien asmoa ohiko hauteskundeetan bezala aritzea dela jakinarazi du.

Prentsaurrekoa baliatu dute herritarrei eskerrak emateko eta erreferendumari zilegitasuna aitortzeko. Turullek herritarrenganako hitzekin hasi du prentsaurrekoa. Pozik dago gizartearen jarrerarekin: "Inoiz biziko genituela uste ez genuen eskubide urraketak jasan ditugun arren, erantzuna erabat zibiko eta baketsua izan da". "Elkarbizitza da daukagun baliorik handiena, froga gogorra gainditu dugu".

Junqueras Espainiari mintzatu zaio, gazteleraz: "Kataluniako Gobernua eta hango herritarrak ez dira ezer txarra egiten ari. Etorkizuna bertako herritarren esku uztea ez da ezer txarra. Asteazkenean atxilotutako jendea jende ona da, langilea, eta kontzientziaz ari dena. Esate baterako, iruzurraren kontra gogor lan egin dute". Bestalde, Espainiak salbuespen neurriak hartu dituela salatu du, eta, horregatik, salbuespen egoera bizitzen ari dela Katalunia.

Espainiari ohartarazi dio beretzat ere aukera ona dela igandekoa: "Hau aukera ezin hobea da Kataluniako herritarrentzat, baina baita Espainiakoarentzat ere. Espainiarentzat aldaketarako aukera bat da".

Eta herritarrei, orain arteko jarrerari eutsi, eta propokazioetan ez erortzeko eskatu die: "Seguru gaude Kataluniako herritarrek bozkatu egingo dutela, beti bezain jarrera zibikoarekin, eta probokazioetan erori gabe".

"Ez da legezkoa"

Erabat bestelako mezua ematen saiatu da Madril. Gobernu Kontseiluaren ostean atera da prentsaurrekora Iñigo Mendez Vigo bozeramailea. Erreferendumik ez dela egingo esan du, ez dagoela bermerik eta ez dela legezkoa. Legea betearaziko dutela. Urriaren 2tik aurrera elkarrizketari eutsiko al dion galdetuta, Espainiako Gobernua ez dela inoiz elkarrizketara ukatu azpimarratu du. Beti ere, legearen barruan.

Kataluniako Gobernuak onartutako hiru legeren kontrako helegitea jartzea ere erabaki dute gaurko bileran. Konstituzionalean jarriko dute helegitea, haiek baliogatzeko eskatuz.

Asteburuan egin daitezkeenen berri emanez amaitu du, Espainian egongo diren kultur eta kirol ekitaldi batzuen berri emanez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.