Metroko hiru trenetan eta turistentzako autobus batean eztandarazitako lau bonbek asaldatu zuten gaur zortzi Londres. Lehen ordu eta egunetako nahasmen eta informazio eskasaren ondoren, Londresko Polizia datu berriak ematen ari da, bai hildako zein zaurituei buruz, bai atentatuen egileen eta ikerketaren inguruan.
Ian Blair poliziaburuakhildakoak 53 direla agertu du gaur —orain arte 52ko kopurua eman dute iturri ofizialek—, eta 700 pertsona inguru zauritu zirela. Haietatik 50 batek jarraitzen dute erietxeetan ingresatuta, eta gutxi gorabehera 12 dira oso larri daudenak.
Atentatuen egileei eta egiteko moduari buruzko zehaztasunak ere eman ditu Londresko Poliziak. Batetik, komunikabideek azken egunetan zabaldutakoa baieztatu du: lau atentatuak ekintzaile suizidek egin zituztela. Horietatik hiru jatorriz Pakistangoak ziren Erresuma Batuko bizilagunak zirela ziurtatu du, 19, 22 eta 30 urtekoak. Laugarrena identifikatu gabe zegoen oraindik, eta gaur eman dituzte hari buruzko zenbait zehaztasun: Blair poliziaburuaren arabera, jatorri jamaikarreko Erresuma Batuko bizilagun bat zen. Sky News telebista kateak Lindsey Germail izena zabaldu du, baina Poliziak ez du hura denik baieztatu.
Ekintzaile baten irudiak
Bestalde, ustezko ekintzaile suizidetako baten irudiak, segurtasun kamerek grabatutakoak, zabaldu ditu Londresko Poliziak. Zehazki, jatorri pakistandarreko 19 urteko Hasib Hussainenak. Gaztea Lutongo geltokian (Londrestik iparraldera dagoen herri batean) ikusten da irudi horietan, bizkarrean zorro bat daramala. Tavistocken Placen lehertu zen autobusa eztandarazi izana egozten diote Hussaini.
Bi minutuko isilunea
Era berean, bi minutuko isilunea gorde dute gaur eguerdian Erresuma Batuko leku gehienetan. Milaka herritarrek une hartako zereginak albora utzi, eta isilunea gorde dute gaur zortziko atentatuen biktimei gorazarre egiteko. Auto eta autobus askok ere bat egin dute isilunearekin.
Erresuma Batua / Sarraskia Londresen
53ra igo dute Londresko atentatuetan hildakoen kopuru ofiziala
Poliziak emandako azken datuen arabera, 53 dira gaur zortzi Londresko metroan eta autobus batean leherrarazi zituzten bonbek hildako pertsonak. Orain arte, 52ko kopurua eman dute iturri horiek. Era berean, 50 bat lagunek erietxeetan ingresatuta jarraitzen dutela jakinarazi du Poliziak, eta haietatik hamabi bat oso larri daudela. Bestalde, lau erasoak ekintzaile suizidek egin zituztela ziurtatu du Londresko poliziaburuak, eta orain arte identifikatu gabeko laugarrena jatorri jamaikarreko Erresuma Batuko herritar bat zela. Ustez Tavistocken autobusa eztandarazi zuen ekintzailearen irudiak zabaldu ditu Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu