Oso odoltsua gertatzen ari da Israelen 70. urteurrena. Gazako osasun iturriek jakinarazi dutenez, gutxienez 55 palestinar hil dituzte Israelgo soldaduek egun erdian, eta 2.200 zauritu. Axraf al-Qedra Gazako Osasun Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, lehen hildakoa 21 urteko gazte bat izan da: Anas Qudieh. Gaza hegoaldean hil dute, Khan Yunis herrian, tiroka. Bigarren hildakoak Musab Abu Leila izan da, 28 urteko palestinarra. Jabalia ekialdeko protestetan hil dute, Gaza iparraldean.
Goizeko lehen hildakoak izan dira bi horiek, baina gehiagoren berri eman dute gero: Izaldin Musa al-Samak (14 urte), Obaidan Salem Farhan (30), Mohamed Ashraf Abu Stah (26), Izaldin Nahid al Aweiti (23) eta Bilal Ahmed Abu Daqa (26)... Zerrenda luzatuz ari da orduak pasatu ahala, eta litekeena da handitzea, zauritu asko baitago.
Zaurituak 2.400 baino gehiago dira. Ilargi Gorriak jakinarazi duenez, gehienak bala tiroz zauritu dituzte, eta besteak tiroen metrailak jota, gasa botata eta kolpeka. Albiste agentziak lekukoen hitzetan azaldu dutenez, manifestariek Gaza mugako hesia behera bota dute toki batean, eta beste aldera sartu dira. Israelgo armadak ukatu egin du hori.
Ohar batean, Hamaseko bozeramaile batek esan du palestinarrek ez dutela onartuko Gazari jarri zaion blokeoa, eta prest daude autoderminazio agiri bat sinatzeko. Israelek dio 10.000 manifestari bildu direla Gazako mugan, eta milaka batzuk gehiago elkartu direla handik kilometro erdira dauden kanpadendetan. Israelek dio "masak sakabanatzeko metodoak" ari direla erabiltzen, benetako balekin.
NBE Nazio Batuen Erakundeari babesa eskatu dio Palestinak, Israel egiten ari dien "sarraskiaren" aurrean. Riyad Mansur bozeramaileak esan du NBEk bere ardurak eta berebeharrak dituela, eta esku hartu behar duela Islaelek indarra uzteko. "Gizarte zibilarentzat nazioarteko laguntza" eskatu du.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak indarkeria gelditzeko eskatu du gaur, baina ez du neurritik iragarri. "Benetan kezkatuta" daoela esan du, Vienan. "Gatazka berriak sortzen ari direla ikusten ari gara, eta badirudi gatazka zaharrak ez direla inoiz hiltzen. Gaur bereziki kezkatuta nago Gazan gertatzen ari denarekin". Zeid Ra'ad al Hussein NBEko giza eskubideen arduradun nagusiak, berriz, shock egoeran dagoela idatzi du twitterren, eta bizitza errespetatu beharra dagoela. Munizioa erabiltzeari "berehala uzteko" eskatu du.
EBk "elkarrizketei berrekiteko adorea" eskatu die palestinarrei eta israeldarrei. Federica Mogherini atzerri gaietako ordezkariak ohar batean idatzi du bi aldeek dituztela zilegi diren eskaerak eta haiek "elkar onartzea" behar dutela. Israeli ohartarazi dio onartu egin behar duela "protesta baketsurako" eskubidea, eta palestinako mugimenduei, "indarkeria eza" bermatu behar dutela. Berlinek ere "proportzionaltasuna" eskatu dio Israeli eta indarkeria gaitzesteko Palestinari. Emmanuel Macron Frantziako presidentean "indarkeria" salatu du eta datozen egunetan "gatazkan zerikusia duten alde guztiekin" hitz egiteko asmoa azaldu du. Hegoafrikak gogor salatu du Israelen jarrera, eta bere enbaxada erretiratuko duela jakinarazi du.
Turkiak gogor hitz egin du gertatutakoari buruz, eta "sarraskia" deitu dio. Evo Morales Boliviako presidenteak ere salatu eta kondenatu egin du AEBen enbaxadaren irekiera, eta "Israelok armadaren erreakzio genozida".
Bihar, greba orokorra
Gaur hildakoak aurretik martxoaren 30ean Itzuleraren Martxa Handia dela-eta protestak hasi zirenetik hildako 45 palestinarrak gehitu behar zaizkio. Protestak ez dira amaitu eta litekeena da areagotzea. Mahmud Abas Palestinako presidentean eta Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE) grebara deitu dute bihar Gazan eta Zisjordanian. Hiru dolu egun ere egingo dituzte. Erresistentzia baketsuaren alde agertu da Abas, baina kontrako bidea hartu du Hamasek: intifadara deitu du. "Ez dago beste aukerarik", esan du Jalil al Haya Hamaseko buruzagiak.
Biharkoa izango da azken manifestazio eguna. Gaur, urteurrena dela eta, protestetara deitu dute Gazako meskitetatik, eta Israelek soldadu gehiago bidali ditu Gazara.
Ordezkari palestinarrik ez da bildu estatubatuarrekin enbaxada berritzeko egin duten bisitan, azaldu dutenez, "okupazioaren parte" bihurtu direlako. Riak Malki Atzerri ministroak esan du erabaki hori salatuko dutela ahal duten bide guztietan: Liga Arabiarrean, Kooperazio Islamiarrerako Erakundean eta Nazio Batuen Erakundean.
Liga Arabiarrak ohartarazi du AEBetako enbaxada Jerusalemen jartzeak arazoak sor ditzakeela Ekialde Hurbil osoan. "Oso urrats arriskutsua da", esa du Ahmed Abul Gheit idazkari nagusiak. Liga Arabiarra asteazkenean bilduko da AEBen enbaxadaren kokapen berriak eskualdean nola eragingo duen aztertzeko. Errusiak lekualdatzearen kontra dagoela jakinarazi du
Israelgo Estatuaren 70. urteurrena da gaur, eta liskarrak goizetik piztu dira Gazako mugan. Balez gain, negar gasa bota die palestinarrei. Horretaz gain, paskinak ere jaurti dituzte eta ohartarazi "segurtasuna arriskuan jartzen duen edonoren aurka" egingo dutela. Hamasek protestara deitu du gaurko eta biharko, Israel sortu eta milaka palestinarrek erbesterako bidea hartu zuten eguna gogoratzeko. Itzuleraren Martxa Handia antolatu dute erbesteratuen itzulera eskatzeko, eta bihar Nakba Hondamendiaren Eguna izango dute, 1948an etxetik alde egin behar izan zuten palestinarrak gogoratzeko.
AEBen Jeruslemgo enbaxadaren inaugurazioa
Giro horretan, gainera, AEBek gaurko eguna aukeratu dute Jerusalemen enbaxada zabaltzeko. Hura da 2006an han azkenak itxi zirenetik ireki den aurreneko enbaxada, eta enbaxada bakarra. Han izan dira Donald Trump presidentearen alaba Ivanka Trump eta haren senar Jared Kushner, Washingtongo gobernuaren ordezkari gisa. "Eskerrik asko, Trump, zure hitza betetzeko ausardia izateagatik" esan dio Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Ministroak; "ez dugu munduak zuek baino lagun hoberik, zuek Israel eta Jerusalem defendatzen dituzue". Trumpek bideo konferentziaz hartu du parte ekitaldian: "Gure itxaropen handiena bakearen aldekoa da, eta AEBak Ekialde Hurbilean bakea lortzearekin eta Jerusalemen statu quoa errespetaratzearekin konprometituta daude".
Palestinarren hilketak nazioartearen kritika eragin du, baina AEBek babestu egin dute. Nolanahi ere, israeldarren eta palestinarren arteko "bake iraunkorrarerako" konpromisoa dutela esan dute AEBek. Mike Pompeo estatu idazkariak oharra kaleratu du, eta esan du "harro" dagoela enbaxada irekita Harry S. Trumanen duela 70 urte emandako hitza betetzea lortu dutelako. Ekialde Hurbilera itzultzeko gogoz dagoela dio. Hamas egin dute gertatutako istilu eta hilketa guztien erantzule.
Hamasek mobilizazio handiak agindu ditu Gazan, eta Israelek leporatu dio protestak erabiltzea Israeli erasotzeko. Jaurti dituen paskinetan, mugako hesia ez saboteatzeko eskatu du Israelek, eta palestinarrei esan die ez uzteko Hamasi erabil ditzan. Hamasek ukatu egin du salaketa. Naftali Bennett Israelgo Hezkuntza ministroak adierazi du mugara gerturatzen den edonor "terroristatzat" hartuko dutela.
Palestinako iturrien arabera, martxoaren 30ean protestak hasi zituztenetik 70 palestinar hil ditu armadak. Israeldarrik ez da hil. Israelek dio muga babesteko egin dutela tiro, eta beti euren araudia bete dutela. Lekuko palestinarrek salatu dute hegazkinetatik erregaia bota dutela israeldarrek pilatutako pneumatikoen gainean, palestinarrek ez ditzaten mugarantz eraman eta han su eman.