Matxinada

57 preso hil dira Brasilgo kartzela bateko matxinada batean

Guztira, 57 preso hil dira bi talde aurkarien arteko matxinada baten ondorioz. Urte honetan Brasilgo espetxeetan izan den sarraskirik larriena da.

Matxinada izan den espetxea, Altamira hirian. XINGU 230 / EFE
2019ko uztailaren 30a
13:21
Entzun

Espetxe bateko matxinada batek Brasil astindu du beste behin. Iparraldean dagoen espetxe batean izan da, Altamira hirian. Espetxeko zuzendaritzaren arabera, bi talde aurkari eremu berean batu dira, eta elkarren aurka matxinatu. Atzo izan zen, goizeko zazpiak aldera. Modulu batetik ihes egin, eta aurkako taldea aurkitzen zen moduluari eraso zion preso talde batek. Elkartu zirenean, sarraski odoltsua hasi zen.

Espetxeko agintariek plazaratu dituzten datuen arabera, 57 dira matxinadaren ondorioz hil diren presoak, horietatik hamasei burua moztuta. Matxinadarekin bat, sute bat ere piztu da. Gainerako guztiak sutearen ondorioz hil dira. Halaber, bi funtzionario bahitu dituzte. Negoziazioak egin eta ordubete geroago askatu dituzte.

Jarbas Vasconcelos Para estatuko Susipe espetxe sistemaren idazkariaren arabera, 208 preso hartzeko gaitasuna du espetxeak, baina 372 pertsona ditu egun.

Urte honetan Brasilgo espetxeetan izan den sarraskirik larriena da. Duela bi hilabete eskas beste matxinada kate bat izan zen Brasilen, Manaos hirian. Lau espetxetan izan ziren sarraskiak, eta, guztira, 55 preso hil ziren, talde aurkarien arteko matxinada ugarien ondorioz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.