Azken urteetako elurterik handienetakoa izaten ari da Txinan, eta kaosa nagusitu da herrialdearen hegoalde eta erdialdean: 60 lagun hil dira, 1,7 milioi pertsona etxetik aterarazi behar izan dituzte, errepideak moztuta daude, trenen eta hegazkinen irteerak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta kalte ekonomiko larriak eragin ditu -7.500 milioi euro-.
Kaosak sektore guztiei eragin die, eta kaltetuenetakoa lehenengoa izan da, lau milioi hektarea uzta suntsitu baititu, eta 14,35 milioi hegazti, 874.000 txerri, 85.000 behi eta 459.000 arkume hil dira.
Energia hornikuntza ere kaltetu du elurteak, ikatzaren eskaerak gora egin baitu, baina hura garraiatzeko trenak falta dira, eta, han urteberriko jaiegunetan daudenez ere, meatoki asko itxita daude. Hala ere, agintariek petrolio, janari, ikatz eta elektrizitate hornikuntza segurtatzeko larrialdietarako zentro bat irekiko dutela iragarri dute.
Hainbat egunetan zehar itxita egon diren trenbide batzuk ireki dituzte jadanik, baina aireportuan oraindik ere kaosa nagusi da, 3.200 hegaldi bertan behera geratu direlako, eta milaka bidaiarik bertan geratu behar izan dute.
Milioi bat polizia, armadako 250.000 soldadu eta 770.000 paramilitar lanean ari dira giza-laguntza kaltetuengana eramateko eta auto ilaretan dauden pertsonei laguntzeko.
Dena den, ez dirudi elurtea motelduko denik, agintariek ohartarazi dutenez “gutxienez beste hamar egunetan” iraungo dute-eta elur ekaitzek eta tenperatura baxuek. Ondorioz, txinatarrek urte berria -otsailaren 7an-, kaosaren eraginpean hasi beharko dute.
Mundua
60 lagun hil dira eta 1,7 milioi pertsona etxetik aterarazi behar izan dituzte Txinan, elurtearen ondorioz
Elurteak gutxienez beste hamar egun iraungo duela iragarri dute agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu