60 lagunetik gora hil dira Iraken aldi berean egindako bi atentatutan

Xiiten santutegi baten barruan egindako bi erasoetan 130 lagun zauritu dira; horietako asko larri daude

2009ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gutxienez 60 lagun hil eta 130 zauritu ziren atzo Iraken aldi berean egindako bi atentatu suizidatan. Biktimen artean, Irango 25 erromes hil eta 80 zauritu ziren. Musa al Kazim imamaren santutegira joanak ziren -xiiten santutegi sakratuenetakoa-, ostiralero gisan, otoitzak egiteko asmoz. Poliziaren arabera, lehergaiz beteriko gerrikoak zeramatzaten bi pertsonak euren burua leherrarazi zuten Kademija auzoan dagoen santutegian (Bagdad iparraldea). Oraingoz, inork ez ditu atentatuak bere gain hartu.

Suizida bakoitza santutegiaren alde banatan jarri zen. Horietako batek santutegiko atarian leherrarazi zuen lehergaia, bi imamen hilobiak zeuden tokian, hain justu. Zauritutako asko egoera larrian daude, hori dela eta, hildakoen kopuruak gora egingo duen beldur dira agintariak.

Al Kazimen behin baino gehiagotan egin dituzte atentatu suizidak, baina Poliziak azaldu duenez, oso arraroa da bi suizidek batera erasotzea. Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak atentatuak ikertzeko agindu du.

Atentatu bikoitza toki sakratu horren aurka egindako eraso gogorrena izan da, talde sunitek 2003. urtean Ameriketako Estatu Batuetako armadaren aurka hasi zuten kanpaina armatuaz geroztik. Urte horretan, hain zuzen, hasi zuen AEBetako armadak Iraken okupazioa.

Xiiten aurkako atentatuak

Azken hilabeteotan xiiten aurka Al Kazimen santutegian izandako atentatu esanguratsuenak bi izan dira. Joan den urtarrilaren 4an, suizida batek aldean zeramatzan lehergaiak zartarazi zituen. Atentatu horretan, 37 hildako eta 53 zauritu izan ziren, gehienak erromes xiitak. Bestea orain bi aste gertatu zen, apirilaren 8an. Lau lagun hil eta 23 zauritu ziren.

Suniten eta xiiten arteko gatazka hori orain hiru urteko otsailean hasi zen, baina AEBen arabera, euren armadak gatazka hori apaltzea lortu du. Indarkeria alderdikoiak berriro indarra hartuko zuela ohartarazi zuen joan den astean Al Malikik. Bide horretatik, «Irakeko etsaiei ateak ixteko» eskatu zien herritarrei.

Azkenaldian izandako atentatu suizidak AEBetako tropak herrialdetik ateratzeko planen testuinguruan gertatu dira. Segurtasun hitzarmen bateratuaren arabera, AEBetako tropa guztiek 2011. urterako atera behar dute Iraketik.

Bien bitartean, Al Irakiak Irakeko telebistak zabaldu zuen albistea baieztatzekotan dago oraindik. Telebistak herenegun azaldu zuenez, Irakeko Al Kaedako burua atxilotu zuten. Albiste hori justifikatzeko Kasem Atta Irakeko armadako operazio zentroko bozeramailearen hitzei egin zien erreferentzia. Dena den, Irakeko agintariek nahiz AEBetako armadak ez dute berretsi herenegun atxilotutako pertsona hori Irakeko Al Kaedako buruzagia denik.



Atxilotuei egindako gehiegikeriak erakutsiko ditu Pentagonoak

AEBetako Defentsa Departamentuak Iraken, Afganistanen eta Guantanamon AEBek dituzten espetxeetan atxilotuei egindako gehiegikeriak ikusten diren argazkiak argitaratuko ditu. Gehiegikeria horiek George Bush presidente ohiaren gobernuan gertatutakoak dira, ACLU Askatasun Zibilen Amerikako Batasunak azaldu duenez. ACLUk helegite bat jarri zuen 2004an Informaziorako Askatasun Legean oinarrituta, eta horri erantzunez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamaren gobernuak argazki horiek erakusteko baimena eman du.

Pentagonoak 2.000 argazki baino gehiago argitaratuko ditu heldu den maiatzaren 28an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.