Mundua

6,1 graduko lurrikara batek astindu du berriro Haiti

Port-au-Princen lehendik kaltetuta zeuden zenbait eraikin bota dituela diote albiste agentziek, baina ez dute zehaztu biktimarik eragin duen. Haitiko Gobernuak emandako azken datuen arabera, orain arte 75.000-80.000 hilotz jaso dituzte kaleetatik.

2010eko urtarrilaren 20a
13:02
Entzun
Indar handiko lurrikara bat izan dute berriro Haitin. AEBetako Geologia Institutuaren arabera, 6,1 graduko indarra izan du Richter eskalan, eta Port-au-Prince hiriburutik 59 kilometrora izan du epizentroa.

Nazioarteko albiste agentziek agertu dutenez, hiriburuan gogor eta luze nabaritu da astindua, eta lehendik kaltetuta zeuden zenbait eraikin bota ditu. Oraindik ez dute zehaztu lurrikara honek biktimarik eragin duen.

Nolanahi ere, egoera oso larria da Haitin, iragan hilaren 12an Richter eskalan zazpitik gorako indarra hartu zuen lurrikarak astindu zuenetik. Gobernuak emandako azken datuen arabera, orain arte 75.000-80.000 hilotz jaso dituzte kaleetatik. Heriotza kopuru izugarri horri, bizirik atera direnen baldintza gogorrak erantsi behar zaizkie, jatekorik eta edatekorik gabe baitaude milaka eta milaka lagun. Haiti hain herrialde pobretua izateak eta lurrikarak azpiegituretan eragindako txikizioak zaildu egiten dituzte erreskate lanak eta beharrean den jendeari laguntza helaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.