Delhi hiriburutik abiatu eta Pakistanera zihoan bart goizaldean eraso egin dioten trena: Dewanako geltokira iritsi baino lehen zartatu dira lehergailuak, Delhitik 80 bat kilometro iparraldera. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 66 dira hildakoak eta 30 bat zaurituak. Horietako zenbait oso larri daudela erantsi dute -besteak beste, erredura handiekin- eta, ondorioz, hildakoen kopurua handitzea litekeena dela uste dute.
Poliziak agertu duenez, etxean egindako lehergailuak eta erregai ontziak aurkitu dituzte zartatu ez diren treneko zatietan, eta uste dute tankera bereko lehergailuek eragin dutela eztanda eta ondorengo sutea.
Urte luzetako liskarren ondoren, bake prozesuan dira India eta Pakistango gobernuak. Hain justu, prozesu horren kontrako eraso gisa ulertu du atentatua Indiako Gobernuak. Pakistango lehen ministro Pervez Musharrarek, berriz, atentatuak ez duela bake prozesua oztopatuko ziurtatu du. Bihar, Pakistango Atzerri ministroak bisita egin behar du Indiara bi herrialdeen arteko harremanak leuntzen ahalegintzeko, eta bisita horren bezperan egin dute erasoa.
66 lagun hil dira India iparraldean, tren baten kontrako atentatuan
Indiako Gobernuaren arabera, Pakistanen eta beren arteko bake prozesuaren aurkako erasoa da. Hain zuzen ere, Indiatik Pakistanera zihoan trena, eta bi estatuetako herritarrak daude hildakoen artean. Poliziaren arabera, etxean egindako lehergailuak zartarazi dituzte, eta haien ondoan erregai poteak zeudenez jarrita su hartu du trenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu