Haitiko Gobernuak atzo adierazi zuenez, 662 gorpu bildu dituzte, baina ohartarazi zuten kopurua nabarmen haz daitekeela, larrialdi zerbitzuak inkomunikatuta dauden herrietara iristen diren heinean. Behin-behineko lehen ministro Gerard Latortuek hiru eguneko dolua deitu zuen hildakoen omenez. Latortuek nazioarteko laguntza eskatu zuen hondamendiak janaririk eta urik gabe utzi dituen 80.000 pertsonak elikatzeko.Gonaives izan da Jeann-ek gehien zigortu duen hiria. Bertatik 550 hilotz jaso dituzte oraingoz, gehienak 6 urtetik beherako umeak, Toussaint Kongo-Doudou NBEko eledunak adierazi zuenez. Kongo-Doudouk esan zuen azken balantzea askoz ere «tragikoagoa» izan daitekeela.Hiriaren zati handi batek urpean jarraitzen du, eta ehunka biztanlek etxeetako teilatuetan edo zuhaitzetan igota pasatu behar izan dute gaua, erreskatatuak izateko zain. Iragan otsailean Jean-Bertrand Aristide presidentea kanporatu zuen matxinada dela eta, NBEren bake indarren 3.000 soldadu daude Haitin, eta orain, hondamendiaren eraginez, erreskate lanetan dihardute. Jesner Estimable izeneko herritar batek bi urteko alabaren gorpua eraman zien soldaduei. Beste seme bat galduta zegoela adierazi zuen Estimablek. «Haurrak galdu ditut, eta ez dago ezer egiterik. Daukadan guztia etsipen osoa eta soinean daramadan arropa da», gaineratu zuen. Uholdeei aurre egiteko batere prestakuntzarik ez zeukatela adierazi zuten zenbait herritarrek. Gonaivesko ospitalea gorpu biltegi moduan erabiltzen ari direnez, Jeann-ek utzitako 500 zaurituak udaletxean ari dira osatzen.
Dortoka uhartea, «galduta»
Ekaitzaren eraginez, asteburuan komunikazioa eten egin zen 180 kilometro kuadro dituen Dortoka uhartean. Igandean, NBEren helikoptero bat bidali zuten Dortoka ikuskatzera, baina uhartearen arrastorik atzeman gabe itzuli zen. Herenegun, Gerard Latortue lehen ministroak «kezka» adierazi zuen bertan bizi diren 26.000 pertsonen egoeraz informaziorik ez zegoela-eta. «Itsasikara izan ote den susmoa dugu», esan zuen Latortuek. Alabaina, atzo helikopteroek uhartea ikuskatu eta ezer «arrarorik» ez zegoela adierazi zuten. Dieufort Deslorges Babes Zibileko eledunak esan zuen uharteko agintariekin harremanetan jarri, eta bertan «ezer ez» zela gertatu.
Amerikako herrialderik txiroena da Haiti. Esklabutzaren aurka matxinatu zen lehenengo errepublika beltza bilakatu zen, eta aurten bete dira 200 urte Frantziatik independentzia lortu zuenetik. Aurtengoa, ordea, herenegun Latortuek adierazi bezala, «urte latza» ari da izaten. Otsailean, gerra zibila piztear izan zen matxinada izan zuten, Aristide presidente ohia ihes eginarazi zuena. Maiatzean izandako uholdeek 3.000 lagun hil zituzten. Uholdeek bereziki kaltetzen dute Haiti, egur ikatza egiteko herrialdeko zuhaitzen %90 moztu baitituzte. Lurraldean uholdeek triskantza latzagoak eragiten dituzte, ez baitago ura geldiaraziko duen sustrairik.
Jeanne ekaitz tropikala urakana zen Puerto Ricora sartu zenean. Ondoren, bizitasuna galdu eta Dominikar Errepublika eta Haiti zeharkatu zituen ekaitz tropikal izaeraz. Indarra eta urakan izaera berreskuratuta, Atlantikoan barna doa. Jeanne, Charley, Frances eta Ivan urakanek batuta baino hildako gehiago utzi dituela esan behar da.
-
GIZA-LAGUNTZA
Premia larrian daude Haitiko herritarrak
Ekaitzak oinarrizko elikagairik gabe utzi ditu gutxienez 80.000 pertsona Gonaivesen. Babes Zibileko eledun Diefurt Deslorgesek adierazi zuen egoera «katastrofikoa» zela. «Jendeak denetik behar du, edateko moduko ura, jana, arropa, sendagaiak...», esan zuen Deslorgesek. Carlos Verna izeneko herritarrak zera esan zuen atzo: «Herritarrek uretan aurkitzen duten edozer gauza eramaten dute ahora; bananak edo baita hildako animalien okela ere». Gurutze Gorriak hiru kamioi bidali zituen herenegun elikagaiz beteta, baina haietako bi jendeak gelditu zituen. NBEren Munduko Elikagai Programak jakinarazi zuen 12 kamioiz osatutako lehen konboia bidali duela giza laguntza emateko asmoz.