Kharkiv, Donetsk eta Luhansken, Ukrainaren ekialdean, gobernuaren eraikin bana okupatu zuten igandean. Kharkivekoa hutsarazi dute gaur, eta 70 lagun errusiazale atxilotu. Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak adierazi duenez, "operazio antiterrorista" aktibatu dute: "Hiriaren erdigunea itxita dago, metro geltokiak bezala. Ez kezkatu: bukatzen dugunean, irekiko dugu".
Alexandr Turtxinov presidenteak esan zuen atzo gobernuaren aurka borrokatzeko armak hartu dituztenen aurkako "neurri antiterroristak" hartuko dituztela, nazioari bidalitako mezu batean. Mosku jo zuen Errusiaren aldeko manifestazioen atzean egotearen errudun, eta herrialde horrekiko mugan defentsa indartu dutela jakinarazi zuen.
Errusia eta Ukrainaren arteko tentsioa gora doa azken orduetan. Ukrainak Errusia ez ezik, Errusiak ere ohartarazi du Ukraina: prestalan militarrek gerra zibila ekar dezaketela esan dio. Errusiako Atzerri Ministerioak bere webgunean argitaratutakoaren arabera, Eskuin Sektorea talde armatu eta legez kanpokoaren gerrillariak bidali ditu Ukrainak Ukrainaren ekialdeko eskualdeetara, Barne Ministerioaren eta Guardia Nazionalaren unitateekin batera: horien misioa Kieven politiken aurkako protestak zapaltzea dela salatu du.
Atzerri Ministerioak, ohar horren bidez, kezka agertu du AEBetako Greystone erakunde militar pribatuko 150 espezialistak parte hartzen ari direlako operazio horretan, Sokol Ukrainako unitate bereziaren unifomea jantzita. Gauzak horrela, Errusiak "prestalan militar guztiak" berehala bertan behera uztera deitu du Ukraina, "gerra zibila" eragin dezaketelakoan.