Errefuxiatuak

71 milioi desplazatu daude munduan, eta horietatik 25 milioi errefuxiatuak dira

Herrialde txiroek eta garapen bidean daudenek ematen diete aterpe errefuxiatuen %80ri. Europako Batasunak, berriz, 30.000 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa hartu du datorren urterako.

Errefuxiatu talde bat Greziara iritsi berritan. NIKOS ARVANIDITIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 18a
14:49
Entzun

Herrialde pobreetatik datoz; gerran dauden estatuetatik; edota euren izaeragatik jazartzen dietenetatik. Eta estatu txiroek edo garapen bidean daudenek jasotzen dituzte. Besteek, aberatsek, ateak itxi dizkiete, edota beste herrialderen batekin akordioak adostu euren etxean hartu beharrik ez izateko —Europako Batasunarekin hitzartutako akordioaren ondorioz, Turkia bilakatu da harrera estaturik handiena, 3,7 milioi errefuxiaturekin—.

Europako Batasunak iragarri du datorren urtean estatukideek 30.000 errefuxiatu jasoko dituztela. Baina kopuru hori txikiegia da mundu osoko 71 milioi desplazatuak aintzat hartuz gero —horietatik 25 milioik dute errefuxiatu estatusa—. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ahoan bilorik gabe hitz egin die estatu aberatsetako buruzagiei Genevan egin duten Errefuxiatuei buruzko Nazioarteko Foroan: «Nazioarteko agintariek esker oneko mezuak helarazten dizkiete errefuxiatuak jasotzen dituzten estatuei. Baina esker ona ez da aski. Nazioarteak bere gain hartu behar du erantzukizun hori».

Nabarmentzekoa da errefuxiatu estatusa duten 25 milioi horietatik ia erdiak adingabeak direla, eta horietatik 138.600k eurek bakarrik ihes egin dutela. Horrez gain, 41,3 milioi pertsonak utzi behar izan dituzte beren etxeak, nahiz eta euren herrialdeetan jarraitu, eta beste 3,5 milioik asiloa eskatu dute beste estaturen batean.

Turkiaz gain, Costa Rica, Pakistan eta Etiopia dira iheslari gehien jasotzen dituzten herrialdeak. «Milioika lagun arriskuan edo linbo batean harrapatuta daude herrialdeek euren erantzukizunari uko egin eta laguntzarik ematen ez dietelako», salatu du Oxfameko buru Danny Sriskandarajahek.

Siriako gerrak eragin ditu azken urtean errefuxiatu gehien, 6,7 milioi orotara. Haren atzetik legoke Afganistan, 2,7 milioirekin, eta gero Hego Sudan, 2,3 milioirekin. Horietatik gehienek garapen bidean dauden herrialdeetan amaitzen dute —%80k, azken datuen arabera—, eta arazoa betikotu. Hau da, harrera herriek denei laguntzeko nahikoa baliabide ez dutenez, askok kanpalekuetan igarotzen dituzte urteak, lanik gabe eta nazioarteko laguntzaren menpe.

Pobrezia Arintzeko Koalizioak proposatu du hartzaileei laguntzeko funts bat sortzea. Helburua litzateke munduko 35 herrialdetan dauden 500.000 errefuxiaturen egoera hobetzea bost urteko epean. Horretarako, 176 milioi dolar eskatu dizkiete gobernu eta enpresei. «Errefuxiatuok boterea dugunean, ez ditugu soilik harrera egin diguten herrialdeak aldatzen; gure jatorrizko estatuak ere aldatzen ditugu», nabarmendu du Foni Joyce Vuni UNHCRko Gazteentzako Aholkularitza Batzordeko kideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.