Mundua

7.600 lagun hil dira Txinako lurrikaran

900 ikasle eskola baten hondakinen artean harrapatuta daude. Gutxienez zazpi eskola erori dira. 7,8 gradukoa izan da lurrikara eta, batik bat, Txina hego-mendebaldea astindu du.

2008ko maiatzaren 12a
17:20
Entzun
Lurrikara handiak astindu du gaur Txina: 7,8 gradu iritsi ditu Richter eskalan, eta eremu zabala astindu du, eta iturri ofizialek esan dute 7.651 lagun behintzat, hil direla.

Txina hego-mendebaldean izan du epizentroa, baina handik oso urrun dauden Pekinen, Shangain eta Bangokoken ere sumatu dute. 14:30 inguruan gertatu da (08:30 Euskal Herrian).

Hildakoen eta zaurituen oso datu apalak eman dituzte hasieran Txinako agintariek, baina gero "hondamendia" gertatu dela agertu du Wen Jibao lehen ministroak.

Shichuan probintziako Wenchuan hirian izan du epizentroa lurrikarak, eta eremu hartan gertatu bide dira heriotza horiek. Handik kanporako triskantza zenbatekoa den ez dute agertu zehazki oraindik. Hala ere, handik 300 kilometrora, Chonggin hirian, gutxienez lau haur hil dira. Txinako agintariek jakinarazi dute

Dujiangyan hirian, epizentrotik 50 kilometrora, bigarren hezkuntzako eskola bat erori dela, eta 900 bat ikasle harrapatu dituela azpian. Zenbait iturriren arabera, zazpi inguru dira lurrikararen ondorioz erori diren eskolak.

Arestian aipatu bezala, Wenchuan herrian izan du epizentroa lurrikarak, Sichuan eskualdean. 111.800 biztanle ditu herri horrek, eta tibetarrak dira gehienak. Sichuan da Txinako eskualderik handienetakoa; ia ehun milioi lagun bizi dira. Wenchuandik 300 kilometrora dago Chongqing, eta 1933n bederatzi mila lagun hil ziren 7,5 graduko lurrikara izan zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.