Washingtongo Unibertsitateak Global Burden of Diseases, Injuries, and Risk Factors 2010 izeneko ikerketa bat argitaratu du, eta datu latzak plazaratu ditu. Ikerketaren arabera, Indiako emakumeen artean, ezkontza da euren buruaz beste egiteko duten arrazoi nagusia.
15 eta 49 urte bitarteko 78.000 andre inguruk hil zuten beren burua 2010ean herrialde horretan, eta suizidioa da andreen heriotzen arrazoi nagusia. Era askotariko erredurek sortutako zauriak dira heriotzen bigarren arrazoi ohikoena, eta erditzean hiltzea da hirugarrena. Azken hori izan da Indiako andreak hiltzeko arrazoi nagusia luzaroan, baina jaitsi egin da erditzean zendu diren emakume kopurua.
78.000 horien artean gehiago dira ezkondutakoak, alargunak edo dibortziatuak baino. Sudhir Kakar psikoanalistak ondorioztatu du ezkontza dela andreek euren buruaz beste egiteko duten arrazoi nagusia: "Ezkontzen direnean oso garai gogorra bizi dute, familia politikoaren etxera baitoaz bizitzera, eta oso babes eskasa dute han".
New Delhiko Gizarte Ikerkuntzarako Zentroko zuzendari Ranjana Kumariren arabera, "oso gazte" ezkontzen dira neskak, eta "ez daude prest ezkontzarako ezta kasu askotan gertatzen den indarkeriarako ere". Nazio Batuen Erakundeko txosten baten arabera, Indian gurasoek eginiko hitzarmen baten ondorioz ezkontzen diren emakumeen %47 adingabeak dira.