iraken okupazioa

88 hildako Bagdaden bi bonba-autoren leherketen ondorioz

Al Jalis herrian hamabi lagun hil dituzte. Asteburuan 26 estatubatuar soldadu hil dira Iraken. Duela lau urte okupazioa hasi zutenetik, AEBentzat aste bukaerarik gogorrenetakoa izan da.

2007ko urtarrilaren 22a
17:58
Entzun
Atentatu gogorrak izan dira gaur goizean Iraken Bagdad hiriburu erdialdean. Izan ere, azoka batean bi bonba-autok eztanda egin dute eta, oraingoz, 88 lagun dira hildakoak. Zaurituak, berriz, gutxienez 160 dira.

Al Jalis herrian, berriz -Bagdadetik 70 bat kilometrora-, gutxienez hamabi lagun hil dituzte azoka batean, lehergailuen bidez egindako erasoan.

Bestetik, Irakeko okupazioa garesti ari zaie ateratzen Ameriketako Estatu Batuei (AEB), asteburuan hango armadako beste 26 soldadu hil direlako Iraken. Duela lau urte hasi zuten okupazioa eta aste bukaera hau izan du gogorrenetakoa. 26 horietatik bi, atzo zendu ziren, Al Anbar-ren, herrialdeko mendebaldean.

Larunbatean 24 soldadu hil ziren. Haietatik hamabi, euren helikopteroa erortzean, ustez borroka baten ondorioz, Bagdad hiriburuaren kanpoaldean.

26 hildako horiekin, 3.057 dira Irakeko okupazioa dela-eta hil diren estatubatuar soldaduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.