Kataluniako erreferenduma

894 zauritu eragin ditu Poliziaren indarkeriak

Zaurituetako bat oso larri dagoela ohartarazi dute. Rajoy egin dute gertatutakoaren erantzule, eta Espainiako Gobernuaren ordezkariaren dimisioa eskatu du Generalitateak.

jarraia145789.jpg
2017ko urriaren 1a
08:35
Entzun

Kataluniako Generalitateak iluntzean jakinarazi duenez, 894 dira gaur Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak zauritutakoak. Horietako bat oso larri dago, Lleidan zauritu duten gizonezko bat. Sare sozialetan poliziaren basakeriaren irudiak zabaldu dira han eta hemen, eta nazioarteak gogor gaitzetsi du Espainiaren jardunbidea. Zauritu gehienak, 600dik gora, Bartzelona probintzian izan dira.

Katalunian gomazko pilotak debekatuta dauden arren, nahieran erabili dituzte poliziak eta guardia zibilek, eta pilotetako batek gizon bat jo du begian. Eguerdian jakinarazi dute ebakuntza gelara eraman dutela, eta arratsaldean azaldu dute begia gal dezakeela. Salaketa jar dezakeela ere esan dute.

Kataluniako arartekoak esan du ikertu egingo dituela salaketak, eta bereziki esku bateko bost hatzak puskatu dizkioten kasua ikertuko duela. Neska horren testigantza audioi batean zabaldu da sare sozialetan, eta eraso sexista bat ere salatu du. Hori ere ikertuko du Arartekoak. Kasu horretan jakinarazi dute identifikatu egin dutela erasotzailea bideo batean.

Lleidako Mariola auzoan oldartu egin da Espainiako polizia, eta oldarraldi horretan 70 urte inguruko gizonezko bat larri eraman behar izan dute erietxera. Komunikabideek zabaldu dutenez, Poliziak inguratu du bozkalekua eta sartzera zihoazenean bihotzekoa izan du gizonezkoak. Larrialdi zerbitzuek artatu dute lehenik, baina haren egoera ikusirik erietxera erman dute.

Ez da, ordea, segurtasun indarren bortizkeriaren biktima bakarra izan. Generalitateko eledun Jordi Turullek jakinarazi duenez, 337 izan dira larrialdi zerbitzuek artatu beharreko pertsonak, horietako bati ebakuntza egin behar izan diote aurpegian, pilotakada bat jaso ostean —Kataluniako Parlamentuak 2013an debekatu zituen gomazko pilotak—. Bartzelonako Ramon Lull eskolan gertatu da. Zaurituetako asko adinekoak dira. Horien irudiek gaitzespen oldea eragin dute sareetan. 

Generalitateak elkartasuna adierazi die zaurituei eta eskatu die erietxera joan daitezela, egiaztagiri medikua eska dezatela eta aurkez dezatela salaketa bat Mossoen aurrean. Segurtasun indarren erasoa jasan duenerako bat izan da Clara Ponsati, Hezkuntza kontseilaria. "Hori ez da Europako inongo tokitan gertatzen", gaitzetsi du Turullek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.