Egiten den baino gehiago egin behar dela gogorarazteko eguna izan zen atzokoa: elikadurarena. Baita gaurkoa ere, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko eguna baita. Eta urtero egiten duten gisan, gobernuz kanpoko erakundeek eta nazioarteko agentziek egoeraren larriaz ohartarazteko agiriak argitaratu dituzte. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearenak izan du hedabideetan oihartzunik handiena. Haatik, azaleko analisiak egiteagatik, hark emandako gidalerroak zalantzan jarri ditu batek baino gehiagok. Goseari aurre egiteko, elikagai gehiago ekoiztea proposatu du, izan ere,FAOk. Aldiz, benetako errealitatea saihestea leporatu diote hainbatek horregatik: ekoizten dena justuago banatuz arazoari aurre egitea dagoela uste dute horiek. Batzuek zein besteek, dena dela, bat egiten dute egoeraren larriaz ohartarazi eta agintariei konpromiso gehiago eskatzean.
Jacques Diouf FAOko zuzendari nagusiak adierazi duenez, goseak daudenen kopuruak zertxobait behera egin du iaztik. Iragan urtean ehun milioi inguru ziren elikagai eskasia sufritzen zutenak; aurten, berriz, 75.000 milioi gutxiago dira. Eta hala ere, oso larria da errealitatea, eta «onartezina» kopurua. «Gaur egun 30 bat herrialde elikagai krisiak jota daude, eta presazko laguntza behar dute aurrera aterako badira». Krisian dauden herrialde gehienak Afrikakoak dira: 30 estatutatik 21 kontinente horretakoak dira, zehazki.
Niger da horietako bat. Han, biztanleriaren erdia goseak bizi da; eta InspirAction gobernuz kanpoko erakundeak dioenez, aski jatekorik ez izatearen biktimak haurrak izaten dira maizen. Mundura ekarri zituztenetik hiru hilabetera, bi kilo eta erdi pisatzen dute haurrek Nigerren. Azal eta hezur soilik izanda ere, kontinente beltzak gainetik kendu ezin lezakeen madarikazioaren zama egokitu zaie. Alabarentzat laguntza lortzeko bost kilometro egin behar izan dituen ama baten lekukotzak horixe erakusten du: «Nire senarra Mauritaniara joan zen guri bidaltzeko diru bila. Haren hutsunea nabaritzen dut; nirekin egotea nahiko nuke, haurragatik oso kezkatuta bainago».
Haurren elikadura urritasuna
Elikaduraren Nazioarteko Politikarako Ikerketa Institutuak emandako datuen arabera, gosearen kausa nagusiena haurren elikadura urritasuna da. Mundu osoan goseak daudenen artetik erdiak, izan ere, haurrak dira. Gehienak, beste behin, Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetakoak eta Asia hegoaldekoak dira. Egoera ezin okerragoan daude, Txaden, Eritrean eta Kongoko Errepublika Demokratikoan. Jatekorik ez dutelako, gutxi handitu gabe heltzen dira haurrak, hiru herrialde horietaz gain, «egoera asaldagarria» bizi duten beste 26 herrialdeetan ere. Burundin eta Madagaskarren, besteak beste, adingabeen erdiek arazoak dituzte euren garapen fisikoan, ez baitute jasotzen dieta egokirik.
«Elikadura urritasunaren ondorio negatiboak handituz joan ez daitezen asko egin daiteke. Baina ondorio horiek saihesteko aukerak lehen bi urteetan baino ez diraizaten», azaldu du Marie Ruel Elikaduraren Nazioarteko Politikarako Ikerketa Institutuarentzat lan egiten duen adituak. «Behin bi urte betetzen dituztenean, elikadura urritasunak eragindako kalteak ezin izaten dira sekula konpondu». Ruelen ustez, haurren elikadura urritasuna heren batean murriztu daiteke, haurdunaldian etabularra emateko garaian amaren osasuna eta dieta zaintzen badira.
Gosearen arrazoiak
Adingabeen elikadura urritasuna faktore sozialek, politikoek eta ekonomikoek eragiten dute. Gosearen Munduko Indizearen arabera, Asiako hegoaldean emakumeen bazterketak zerikusi handia du urritasunarekin, baita hezkuntza maila eskasak ere. Aldiz, Afrikan gatazka armatuek, aginte faltak eta Hiesak eragiten dute gehienbat.
Munduko pobreziaren gaineko azterketa zehatza egiteko nazioarteko erakundek dituzten zailtasunak ere estuki lotuta daude Somalia, Afganistan edo Irak bezalako herrialdeetako egoerekin. Kaosa, segurtasun gabezia hain handia izan ohi da, ezen zuzenean datuak eskuratzea ezinezko bihurtzen baita. Halako herrialdeetan, horregatik, gutxi gora-beherako kalkuluak egiten dira pobrezia eta gosetea neurtzeko.