Erreakzioak Espainian

Abalos: "Ez dut uste PP abstenitzea espero daitekeenik"

PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi du "independentisten menpeko" ez den gobernu bat eratzea dela bere alderdiaren nahia. Horretarako, Unidas Podemosen, Mas Paisen, Ciudadanosen eta EAJren elkarlana eskatu du.

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkari nagusia, gaurko agerraldian. EMILIO NARANJO, EFE
2019ko azaroaren 11
16:22
Entzun

Abalosek ez du uste PP Pedro Sanchezen gobernu bati bide emateko moduan dagoenik. "Ez dut uste PP abstentzea espero daitekeenik. Tarte oso estua dute, eskuin muturraren presioarengatik. Egin dituzten adierazpenak entzunda, esan daiteke ez dutela egingo. Ez du merezi horretan tematzea". Beraz, gobernua eratu ahal izateko babesak beste toki batean bilatzearen alde agertu da.

PPrekin eta Voxekin akordioa bilatzeko aukera baztertuta, indar independentisten babesa bilatzea ere alboratu du Abalosek. Nabarmendu duenez, PSOEk ez du alderdi "independentisten menpeko" gobernu bat eratuko. Abalosek azaldu du Sanchez Unidas Podemosekin, Mas Paisekin, Ciudadanosekin eta EAJrekin saiatuko dela akordioetara iristen: "Hori da daukagun tartea". Alderdi horiek "blokeoa" gainditzen laguntzea espero du.

Abalosek ez du zehaztu ea PSOErentzat bakarrik gobernatzea ezinbesteko baldintza den ala ez. "Entzuteko prest gaude. Etapa berri bat da. Entzun dezagun zer proposatzen duten, eta ahalegindu gaitezen herrialdearen interesen araberako akordio bat lortzen". PSOEko Antolakuntza idazkariak ziurtatu du hirugarren hauteskunderik ez egitea dela PSOEren konpromisoa.

Podemosek bere zuzendaritza bildu du gaur, hauteskunde emaitzak aztertzeko, eta, bilkuraren ostean, gobernu koalizioa eratzea proposatu diote berriro ere PSOEri. Koalizio horrek alderdi bakoitzaren ordezkaritzaren araberakoa izan beharko luke, eta "eskuin muturrari galga jartzea" izan beharko luke helburu.

Alberto Garzon IUko idazkari nagusiaren esanetan, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernu bat osatzea da aukerarik onena, baina prest agertu da "aukera guztiak" aztertzeko, PPren eta PSOEren arteko akordio bat ekidite aldera. "Espero dugu PSOEk koalizio gobernu bat proposatzea Unidas Podemosi. Proposamena ona bada, IUk onartu egingo du".

Euskal Herritik, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos prest agertu dira Sanchezi gobernu bat eratzen laguntzeko, baina zenbait baldintza jarri dituzte horretarako. EAJk "ezkerreko akordio bat lortzea" lehenesteko eskatu dio, EH Bilduk Espainiako Estatuaren "demokratizazioa" sustatu dezala eta Elkarrekin Podemosek koalizio gobernu bat eratzea proposatu dio, argituta baldintza hori ez dela "marra gorri bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.