Abbas «bakerako oztopoa» da Israelgo Atzerri ministroarentzat

Avigdor Liebermanek gutun bat bidali dio Ekialde Hurbilerako Laukoteari, bozak aurreratzeko PANi presio egiteko eskatuzPalestinarrek gaitzetsi egin dute gutuna, eta Netanyahuk ez du babestu edukia

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Israelen eta palestinarren arteko negoziaziorik ezaren arazoa konpontzeko «sormenezko aterabideak» pentsatzen hasteko unea da Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroaren ustez. Hari otu zaio aterabide bat, eta Ekialde Hurbileko Laukoteari—AEBei, EBri, Errusiari eta NBEri— proposatu dio gutun bidez. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea «bakerako oztopoa» delakoan dago Lieberman, eta, hura boteretik kentzeko asmoz, palestinarrei hauteskundeak aurreratzeko presio egiteko eskatu dio Laukoteari. Joan den astelehenean jaso zuten gutuna Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak, Catherin Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruak, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, Haaretz Israelgo egunkariaren arabera.

Abbasen Zisjordaniako gobernua «despotikoa» dela eta «ustelkeriak janda» dagoela ohartarazi du Liebermanek. Gainera, palestinarrek Tel Aviven kontrako eraso diplomatikoa nabarmen handitu dutela ere salatu du. Izan ere, Abbasek berak Palestina Nazio Batuen Erakundeko eskubide osoko estatu kide izatea eskatu zion Segurtasun Kontseiluari iazko irailean, Batzar Nagusian egindako agerraldian. 1967ko mugen barruko estatua eskatu zuen Abbasek, baina Segurtasun Kontseiluak erabakirik hartu barik jarraitzen du oraindik.

2010eko irailean eten ziren Tel Aviven eta palestinarren arteko azken negoziazioak, Benjamin Netanyahu lehen ministroak kolonia juduak egiteko hamar hilabeteko debekua ez zuelako luzatu. Harrezkero bi aldeak ez dira mahai beraren inguruan jarri, eta kolonia juduen politikarekin jarraitu du Israelek. Atzo bertan «oso arduratuta» dagoela jakinarazi zuen Ashtonek, Jerusalem ekialdean kolonia judu gehiago eraikitzeko baimena eman duelako Tel Avivek. Palestinarrek, berriz, nazioarteko borroka diplomatikoari ekin zioten iaz. Abbasek behin eta berriz errepikatu ditu zeintzuk diren negoziazioei berriz ekiteko aurrebaldintzak: kolonien politika etetea eta 1967ko mugak onartzea, besteak beste. Liebermanen arabera, zera erakusten du jarrera horrek: «Abbasek ez duela bakea lortzeko interesik edota ez duela bakea lortzeko gaitasunik».

Netanyahuren urruntzea

Liebermanen gutunak sutan jarri du PAN, eta Abbasen bozeramaile Nabil Abu Rudeinak gutunaren inguruko azalpenak emateko eskatu dio Laukoteari, «indarkeria eta hilketak» sustatzen dituelako eta palestinarren barne auzietan sartzea dakarrelako. Rudeinak nabarmendu du, gainera, gutunak ez duela bakerako giro egokirik sortzen. Hala, Atzerri ministroa kargutik kentzeko eskatu dio Abbasen ordezkariak Netanyahuri.

Israelgo lehen ministroak, hain zuzen, Liebermanen gutunarekin zerikusirik ez duela argi laga nahi izan du berehala. «Gutunekoa ez da ez lehen ministroaren ez gobernuaren jarrera», azaldu dio Haaretz egunkariari Tel Aviveko gobernuko goi kargu batek. Yisrael Beiteinu alderdiko liderra da Lieberman eta Likudekoa Netanyahu, eta koalizio gobernuaren barne tentsioak azaleratzen ditu gutunak eragindako erreakzioak.

Joan den domekan hainbat gazte juduk hiru palestinarri Jerusalemgo kaleetan eraso egin izana gaitzetsi du Netanyahuk, bere gobernua «arrazakeriaren eta indarkeriaren kontra» dagoela argudiatuz. Gazte palestinarretako bat larri dago ospitalean. Bestalde, Tel Avivek Sidqi Suleiman al-Maqt Golango Gainetako presoa aslatu du, 27 urtez kartzelan eduki ostean. Israelgo espetxeetan urte gehien bete dituen herritar arabiarra da 45 urteko gizona. Golango Gainetan Israelen okupazioaren kontra borroka egiteagatik hartu zuten preso Al-Maqt.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.