Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Abbasek eskubide osoko estatu kide izatea eskatuko du NBEn

Israelgo lehen ministroa palestinarren estatusa igotzearen alde agertu da, betiere estatu mailara iristen ez badaHamasek errefusatu egin du Abbasen hitzaldia, ez duelako iheslarien geroa argitu

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
«Segurtasun Kontseilura goaz!». Azken egunetan palestinarren ekimenaren inguruan hedatu diren nahasmendu eta zurrumurruak uxatu zituen atzo Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Ramalan (Zisjordania) eginiko hitzaldian. «Beharrezkoa dugu NBEko eskubide osoko estatu kide izatea Israelekiko negozioazioei ekiteko. Dena daukagu: demokrazia, askatasuna, gardentasuna... Gauza bakarra falta zaigu, NBEk Palestina estatu gisa aitortzea 1967ko mugekin eta eskubide guztiekin. Hori lortuz gero, israeldarrekin ditugun arazo iraunkorrak konpontzeko mahaira joateko moduan egongo gara».

Palestinarren asmoa ez da Tel Aviveko gobernua bakartzea, Abbasek azaldu duenez. «Ez dugu Israel bakartu eta hari zilegitasuna kentzerik nahi. Inork ezin diezaioke zilegitasuna kendu Israelgo estatuari. Gure helburua haren politika bakartzea da, okupazioari zilegitasuna kentzea. Okupazioak amaitu egin behar du, egunero jasaten baitugu horrek eragiten duen mina», azaldu du PANeko presidenteak. «Estatu bat behar dugu. Sinplea da kontua. Aulki bat behar dugu NBEn».

Hori horrela izan ez dadin, sutsuki ari da lanean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa; Europako Batasunarekin eta AEBekin harremanetan ari da, palestinarrek estatu maila lor ez dezaten. «Estatuarena baino maila baxuagoko estatusa den bitartean, gu prest gaude onartzeko», esan zion atzo Netanyahuk Catherin Ashton EBko diplomazia arduradunari Jerusalemen, Haaretz egunkariaren arabera.

EBko estatuek jarrera bera agertu nahi dute palestinarren gaineko NBEko bozketan, baina oraindik ez dute erabaki alde ala kontra egin. Espainiak eta Frantziak, esaterako, 27ek Palestinako estatuaren alde bozkatzea nahi dute; Alemaniak, Erresuma Batuak eta Italiak, berriz, ez dute palestinarren alde bozkatu nahi.

Europako Batasunaren erabakitasunik eza baliatuz, tarteko aterabidea eskaini dio Netanyahuk Ashtoni, palestinarrentzat estatus berri bat asmatzea NBEn. Hala, egun PAE Palestina Askatzeko Erakundeak NBEn duen «begirale estatusa» igoko luke; baina, aldi berean, ez luke estatu baten mailako aitorpenik jasoko. Israelek, finean, existitzen ez den estatus bat asmatu nahi du palestinarrentzat. Badaki Segurtasun Kontseiluan AEBek betoa jarriko diola eskubide osoko estatu kide izateko eskariari, baina Batzar Nagusiak «kide ez den estatu gisa» onartzea ere ekidin nahi du Netanyahuk. Izan ere, NBEko kide izan ez arren, estatu gisako aitorpena jasoko luke horrela, eta, hortaz, palestinarrek Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegira eraman ahal izango lituzkete Israelgo politikari eta militarrak, gerra krimenak leporatuta. Horixe da, hain zuzen, ororen gainetik Tel Avivek eragotzi nahi duena.

PAEren etorkizuna, kolokan

Mehatxuak mehatxu, ordea, eskubide osoko estatu kide izateko «zilegitasun osoa» dutela baieztatu du Abbasek, eta dagoeneko 126 herrialdek estatu gisa aitortu dutela gogorarazi du. Hitzaldian aipamen berezia egin die preso eta iheslari palestinarrei, haien egoera salatuz. Era berean, nabarmendu du palestinarren arteko batasunak «lehentasun nazionala» duela, eta indarkeriari uko egitera deitu ditu palestinarrak. «Gure mugimendu guztiak baketsuak izango dira. Ez dugu jausi behar indarkeriaren tranpan».

Batasun nazionalaren aipamena Hamasi eginiko keinua izan da. Hala ere, Abbasen hitzaldia errefusatu du Gaza gobernatzen duen alderdiak. «Ez du argi utzi datorren asteko pausoak lege aldetik nola eragingo dien errefuxiatuei eta PAEri», esan du Jusef Hanije Gazako Gobernuaren lege aholkulariak. Egun, begirale izaera du PAEk NBEn, eta Gaza eta Zisjordanian zein horietatik kanpo bizi diren palestinar guztiak ordezkatzen ditu —hamabi milioi lagun inguru—; NBEk Abbasen eskaria onartuz gero, berriz, PANek beteko luke PAEren lekua, eta PANek Zisjordaniako palestinarrak baino ez ditu ordezkatzen —bi milioi lagun inguru—. NBEko ekimenak errefuxiatuen eta Zisjordaniaz kanpoko palestinarren egoerari kalte egin diezaiokeela uste du Hamasek.

Batasunaren arrakalak

Iragan maiatzaren 4an sinatu zuten Al Fata eta Hamas alderdiek batasun nazionalerako akordioa, Kairon. Sinadura horri esker, amaitutzat eman zuten lau urteko gatazka. 2007az geroztik, bi gobernutan eta bi lurraldetan banatuta egon dira palestinarrak. Hamasek kontrolatzen du Gaza, eta Al Fatak Zisjordania. Hilaren 24an, Abbasen NBEko hiltzaldiaren biharamunean hain justu, bilduko dira bi alderdiak akordioaren inguruan sakontzeko. Baina dagoeneko bistaratzen hasiak dira batasunaren arrakalak.

«NBEko ekimena palestinarrei inolako ondorio positiborik ekarriko ez dien itxurakeriazko pausoa da», Ismail Raduan Hamaseko ordezkariaren esanetan. Gainera, Gazan ez dutela NBEko ekimenaren aldeko herri protestarik onartuko adierazi du Raduanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.