Ekialde Hurbila

Abbasek hauteskundeak aurreratu ditu, eta Hamaseko Gobernuak ez du neurria onartzen

Abbasek agertu duenez, palestinarren arteko liskar giroa baretzea da aurreratzearen helburua, baina Hamasek ez du inola ere asmo hori onartu. Gainera, iragarpena egin eta segituan Al Fataren eta Hamasen jarraitzaileen arteko borrokak suspertu egin dira. Bozak aurreratu ordez dimisioa aurkezteko eskatu dio Hamasek.

2006ko abenduaren 16a
17:43
Entzun
Al Fataren jarraitzaileak alde batetik eta Hamasenak bestetik, liskarrak eta borrokak izan dira azken orduetan palestinarren artean; aspaldiko tentsio giroa lehertu egin da.

Egoera zail horri aurre egiteko hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak (Al Fata). "Presidentea eta Legebiltzarra aukeratzeko bozak deitzea erabaki dut. Itzul gaitezen herriarengana, entzun dezagun haren hitza", esan du Ramala egin duen hitzaldi politikoan.

Aurreratuko dituztela bai, baina noiz egingo dituzte ez du zehaztu Abbasek. Nolanahi ere, hauteskunde batzorde zentralarekin harremanetan jarri dela iragarri du, "ahalik eta lasterren egin daitezen".

Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimenduak, ordea, ez du onartu hauteskundeak aurreratzea. Hala adierazi du Mahmud A-Zahar PANeko Gobernuko Atzerri ministro eta Hamaseko buruzagiak: "Egoerarekin aspertu bada berak [Abbasek] utzi dezala kargua", adierazi du.

Alderdi batek zein besteak adierazpen horiek egin eta lasterra areagotu egin dira batzuen eta besteen jarraitzaileen arteko borrokak.

Azken hauteskundeak Hamasek irabazi zituen, eta alderdi horretakoak dira Ismail Hania lehen ministroa eta haren gobernuko kideak. Gobernu hori kargutik kentzeko eskumena berea dela ohartarazi die Abbasek gaurko hitzaldian.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.