Bake elkarrizketak ez atzera ez aurrera daudela ikusita, Israel mugitzera behartu nahi du Mahmud Abbasek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak. Horretarako egin beharreko urratsak ere zehaztu ditu. Lehenik eta behin, NBEko Segurtasun Batzordera joko du, hark blokeoari behin betiko amaiera data jar diezaion.
Batzordean, ordea, beto eskubidea dute AEBek, eta orain arte beti erabili izan dute Tel Aviven mesedetan. Horretaz ohartuta, ordea, mezu argia helarazi die Abbasek: prozedura oztopatzen badute, Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izateko eskaera aurkeztuko du Palestinak. Horrek esan nahiko luke Hagak Gazan egindako krimenak ikertuko lituzkeela, egilea edonor dela ere. PANeko buruak esana zuen ez zuela Hagara joko milizia nagusien sostengurik gabe, baina aste honetan bertan Hamasek iragarri du prest dagoela pauso hori emateko.
Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du. Igandean beste hamasei palestinar hil zituen; besteak beste, sei adingabe.