Apirilaren 17a, preso politiko palestinarren eguna, aukeratu du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari bake negoziazioetara itzultzeko baldintzak helarazteko. Falestin egunkariak aurreratu duenez, besteak beste, 1967ko mugetan oinarrituta bi estaturen irtenbidea onartzeko eta kolonia politika etetea eskatu dio Abbasek Netanyahuri gutun bidez. Horretarako preso politikoen eguna aukeratu izanak, baina, tentsioak eragin ditu alderdian, eta kritika gogorrak Hamasen aldetik.
Salam Fayyad PANeko lehen ministroa zen Netanyahurekin biltzekoa eta gutuna ematekoa, baina ordu batzuk lehenago uko egin dio bilerara joateari eta Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko negoziazio buruak bete behar izan du haren egitekoa. Europako diplomatiko batek eta Israelgo bi agintarik jakinarazi dutenez, azken unera arte ahalegindu da Abbas Fayyad konbentzitzen, baina horrek ez du amore eman presioak direla eta. Iturri horien arabera, PANeko lehen ministroak ez du uste gutuna igortzeak ezertarako balioko duenik, eta publizitate kontua besterik ez dela sinetsita dago. Maan berri agentziak iturri israeldarrak aipatuta adierazi du Fayyadek ez duela Israelekin konplizitaterik agertu nahi izan preso politikoen egunean. Fayyaden ezetzak agerian utzi du alderdiaren barruko tentsioa, izan ere, Abbasek berak iragarri zuen PANeko lehen ministroak helaraziko ziola gutuna Netanyahuri, besteak beste, eskaerari garrantzia emateko. Hamasek, berriz, gogor kritikatu du PANen eta Tel Aviven arteko bilera, eta elkartzeko presoen eguna aukeratu izana «jokaldi makurra» izan dela esan diote Abbasi alderdi islamistatik.
Preso politikoen egunarekin batera, hain justu, Israelgo espetxeetan dauden 1.600 preso palestinarrek gose greba mugagabea hasi dute «presoen funtsezko giza eskubideen defentsan», eta beste 2.300 presok jateari uko egin zioten atzoko egunez protestarekin bat eginez. Israelgo Espetxeen Zerbitzuetako eledun Sivan Weitzmanen hitzetan, aldiz, 1.200 dira gose greba hasi dutenak. Duintasuna defendatuz leloa aukeratu dute preso palestinarrek funtsezko lau eskubide aldarrikatzeko: bakartze politika etetea, hezkuntzarako eskubidea berrezartzea, arreta mediko egokia bermatzea eta senitartekoen bisitak errespetatzea. Gazan eta Zisjordanian hainbat ekitaldi egin dituzte Israeli preso palestinarrak aske uzteko eskatzeko. Libanon ere, errefuxiatuen kanpaleku batean 200 palestinar inguru bildu dira preso palestinarrei babesa adierazteko.
Al-Fatahekoak, Jihad Islamikoko ekintzaileak eta Herri Fronte Demokratikoko presoak dira, batik bat, gose greba hasi dutenak, baina Qadura Fares Palestinako Presoen Klubeko presidentearen esanetan Hamaseko presoak ondorengo egunetan batuko dira protestara. Israelgo espetxeetan 4.600 palestinarretik gora daude preso, eta horietako gehienak auzitegi militarretan epaitu dituzte, palestinarren iturri ofizialen arabera.
Bestalde, Israelek atxilotutako Ongi etorri Palestinara kanpainako ekintzaileek ere gose greba mugagabea hasi dute preso palestinarrei elkartasuna adierazteko. Igandean lurralde okupatuetara sartzea galarazi zien kanpainako 79 ekintzaileri, eta 48 eta 50 lagun inguru oraindik atxilotuta daudela salatu dute kanpainako buruek. Euren herrialdeetara deserrituko dituela esan du Tel Avivek, baina ekintzaileen eledunen esanetan horiek uko egin diote itzulera onartzeko dokumentua sinatzeari.
Garrantzitsuena, erantzuna
Erekatek esan du PANen eta Tel Aviven arteko bileraren helburu bakarra Abbasen gutuna helaraztea izan dela, baina garrantzitsuena ondoren etorriko dela. Alegia, Israelek ematen duen erantzuna izango da gakoa, PAEko negoziazio buruaren ustez.
PANeko buruak Netanyahuri bidali dion gutunaren edukia ez dute argitara atera, izan ere, ezkutukerian aritu dira bileraren inguruan. Dena den, alderditik jakinarazi dute negoziazio mahaira itzultzeko gogoa helarazi diola Abbasek. Horretarako, baina, hainbatetan aipatutako baldintzak errepikatu dizkio: 1967ko mugetan oinarritutako bi estaturen irtenbidea onartzea, koloniak eraikitzeari uztea, preso palestinar guztiak aske uztea, eta PAEren eta Israelen arteko akordioak errespetatzea. Horiek betetzen ez baditu nazioarteko legedia bete dadin ahaleginak egingo dituela jakinarazi diote palestinarrek, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusira joko dutela babes bila. Bileraren aurreko egunetan Abbasek PAN desegiteko mehatxua egin zezakeela argitaratu dute hainbat hedabidetan, «aginpidea galdu» duela argudiatuz. Dena den, Abbasek elkarrizketa batean argitu du ez dutela aukera hori kontuan hartzen.
Hemendik bi astera berriz biltzekotan geratu dira bi aldeak. Ramallahen elkartzekoak dira Erekat eta Isaac Molho Netanyahuren negoziazioetarako ordezkaria. Han, Israelgo lehen ministroaren erantzuna emango dio Molhok Erekati, eta, lehen ministroaren gertukoek adierazi dutenez, Abbasekin aurrez aurre lehenbailehen biltzeko eskaera egingo dio. Bileraren ondoren bi aldeek elkarrekin argitaratu duten mezuan adierazi dutenez «bakea lortzeko konpromisoa» daukate, eta «gutunek bakea lortzen laguntzea» espero dute.
Bestalde, Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak esan du koloniak ez direla bakea eraikitzeko «benetako oztopoa». Egiazko oztopoa borondate falta dela dio. Kolonien eraikitzeari garrantzia kendu dio, eta azken bi urteetan kokaleku berririk eraiki ez dutela esan. Kolonia batzuk handitu «besterik» ez dituztela egin dio.
Abbasek negoziazioetara itzultzeko baldintzak helarazi dizkio Israeli
Fayyadek uko egin dio preso palestinarren egunean Abbasen gutuna Netanyahuri emateari, eta Erekatek igorri dio mezua1.600 presok gose greba mugagabea hasi dute «funtsezko eskubideen defentsan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu