Israelen eta palestinarren arteko gatazkaren inguruko bake konferentzia bat egitea proposatu du Mahmud Abbas-ek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak. Vladimir Putinek Betlemera (Zisjordania) egindako bisita baliatu du Abbasek hori jakinarazteko, bertzeak bertze, Moskun egin nahiko lukeelako konferentzia. «Negoziazioak dira gure eta Israelen artean bakea lortzeko bide bakarra», erran dio Abbasek Putini. Bezperan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin elkartu zen Errusiako presidentea. Netanyahuk Putini erran zion Abbasekin elkartzeko prest dagoela «hark nahi duen lekuan». Israelek Zisjordanian koloniak eraikitzeari uzten ez badio, ordea, PANeko buruak berretsi du negoziazioei ez diela berriz ekinen.
Abbasen jarrera «arduratsua» dela erran du Putinek. «Palestinako buruzagitzak, eta presidenteak bereziki, portaera arduratsua izan dute bi estatuen irtenbidean oinarritutako bakea lortzeko bidean».
Nabarmendu du , gainera, oinarrizko gaietan Errusia eta PAN ados daudela. Adibidez, Errusiak Palestinako Estatua onartzeko «inolako arazorik» ez duela adierazi du Putinek. «Orain dela 25 urte erran genuen, Sobietar Batasunaren garaietan, eta ordutik ez dugu aldatu gure jarrera». Halaber, Abbasek laguntza eskatu dio Putini Israelen preso dauden palestinarrak askatzeko, bereziki Osloko itunaren aurretik (1994) gatibu hartutakoak. Errusiako presidenteak erran du Zisjordaniako eta Gazako giza egoerarekin «kezkatuta» dagoela, eta giza laguntza bidaltzeko konpromisoa hartu du. Al-Fatah eta Hamas alderdien adiskidetzeaz, berriz, Abbasek erran du hauteskundeetarako egun bat jartzea izanen dela horretarako «atea».
Bezperan, Netanyahurekin
Alde bakarreko erabakiek «kontrako eragina» dutela ere ohartarazi du Errusiako presidenteak. Putinek zehazki inor aipatu ez badu ere, Israelgo hedabideen arabera Tel Aviventzako mezua izan da, kolonien eraikuntzengatik.
Bezperan bildu ziren Putin eta Netanyahu Jerusalemen. Abbasekin ez bezala, Israelen eta palestinarren arteko gatazkaz gain bilkura horretan bertze bi gai ere zabal jorratu zituzten: Siria eta Iran. PANeko Atzerri ministro Riad al-Malikik gogor kritikatu du Israelgo lehen ministroa, eta Putinen aitzinean gatazka desitxuratzea leporatu dio. Netanyahuk bake prozesua «sinplea» dela irudikatu nahi izan duela erran du Al-Malikik, eta Israelgo lehen ministroari egotzi dio negoziazioak trabatzea kolonien eraikuntza eten ez duelako.
Arrazoi horregatik gelditu ziren bake elkarrizketak bertan behera 2010eko irailean. Kolonien eraikuntzak eteteko agindua orduan agortzekoa zen, baina Netanyahuk ez zuen luzatu. Ordutik, Tel Avivek beti ezetz erantzun dio kolonien eraikuntzak eteteari, negoziazioetarako aurrebaldintzarik nahi ez duela argudiatuta.
Parlamentari bat aske
Preso Palestinarren Ikerketarako Zentroak jakinarazi duenez, Israelek hamar hilabetez preso edukitako parlamentari bat askatu du. Anwar al-Zaboun Aldaketa eta Erreforma alderdiko diputatua 2011ko abuztuan atxilotu zuten, atxiloketa administratiboa deitutako prozedura baten bidez. Horren bidez, Israelek nahi adina denboran preso eduki dezake atxilotutako edozein palestinar, segurtasun arrazoiak argudiatuta.
Abbasek Palestinari buruzko bake konferentzia bat egin nahi du Moskun
PANeko buruaren jarrera «arduratsukoa» dela erran du Putinek Zisjordaniara egindako bisitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu