Estatu batek dituen eskubide guztiekin izan nahi du Palestinak Nazio Batuen Erakundearen parte, eta hori eszenifikatzera joango da Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea, bihar, NBEren Segurtasun Kontseilura. Ekimenak dagoeneko AEBen ezezkoa izango duela jakina den arren —boto bakar batez eskaera atzera botatzeko eskubidea bost herrialdek dute soilik— munduaren aurrean eskaeraren irudikapena saihesteko ahaleginak egiten ari da Barack Obama azken unera arte: NBEk, herrien eskubideak eta segurtasuna babesteko erakundeak, ezezkoa eman behar izatea —are gehiago Bakearen Nobel saridunaren ondorioz— , palestinarren eskubideen zilegitasuna aitortuta ere.
Obamaren saioak alferrikakoak direla dirudi, Abbasek kontrakorik ez baitu jakitera eman, baina mugimenduak etengabekoak izan dira hori lortzeko. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Abbasekin berarekin bilerak izan zituen atzo New Yorken, baita azalpenak eman ere NBEren ordezkari guztien aurrean, ondo uler dezaten ezezkoaren zergatia: «Urte asko iraun duen auzia amaitzeko bidezidorrik ezin da onartu», eta «bakea ezin da inposatu».
Palestinak estatu bat izango duela esan zuen iaz Obamak, eta berretsi egin du orain, baina hori posible izango da «soilik palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketen ondorioz». Palestinarrek horretarako «eskubide osoa» duten arren, Israelen eskaerek ere zilegitasuna dute, eta israeldarren segurtasuna bermatu» behar dela uste du.
Nazio Batuen Erakundeko batzarkideen aurreko hitzaldia Mahmud Abbasek ez duela partekatzen argi utzi du, buruarekin ezezko mugimendua egiten aritu baita, ezetz eta ezetz, Obamak hitz egin bitartean —egun erakunde behatzaile estatusa dauka PANek NBEren batzarrean—.Hasteko, bi aldeen arteko harremanak geldirik daudelako, Israelek esertzeko gutxieneko baldintzak onartzen ez dituelako, eta nazioarteko ahaleginak orain arte hutsaren pare izan direlako.
Netanyahuk, ordea, gustura hartu ditu Obamaren hitzak, «ohorezko domina» merezi duela esan ere. Israelgo oposizioak ere ongi hartu ditu esandakoak, Tzipi Livni Kadimako buruaren hitzetan: «Israelen alde jarri da Obama, baina Netanyahuk negoziazioei ekin behar die». Defentsa ministro Ehud Barakentzat ere erakusten du «israeldarren benetako laguna» dela Obama, Israelen segurtasuna babestu duelako.
Ariel Eldad eskuin muturreko diputatuarentzat, baina, AEBetako presidentearen hitzaldia Israelen kontrako politika egiteagatik etxe barruan izan dituen kritiken ondorio da, eta AEBetako Kongresuan galdutako babesa berreskuratzeko.
AEBetan errepublikanoak azken aldian israeldarrekin landu duten harremanak zerikusia izan du Obamaren jarreran, baitaAEBetan judutar komunitatearen zati handi baten babesa galtzeak ere. Judutarrak historikoki demokraten aldean lerratu izan dira batez ere, baina orain haien boterea errepublikanoen aldera joan daitekeela-eta kezkaturik daude demokratak. Joan den hilabetean Netanyahuren gobernuak bilera sorta izan du errepublikanoen ordezkariekin, eta diplomazia sare horrek baldintzatu du Obamaren jarduna, The New York Times egunkariaren arabera.
Sarkozyren proposamena
Beto eskubidea dutenen artean Errusiak ekimena babestuko duela esan du, Txinak ere bai, eta Erresuma Batuak eta Frantziak ez dute orain arte jarrera argitu. Frantziak, ordea, proposamena egin du: Palestina kide ez den estatu behatzaile gisa aitortzea NBEn, Vatikanoak duen maila bera emanez.
«Aurrerapauso garrantzitsua» litzateke hori Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearentzat. «Bizi dugun immobilismotik atera, eta itxaropena emango genieke palestinarrei». Ekialde Hurbilean bakea lortzeko, berriz, egutegi zehatza proposatu du Sarkozyk. «Amaigabe eztabaidatzeak ez du zentzurik. Epe mugak jarri behar ditugu: hilabete berriz elkarrizketei ekiteko, sei hilabete mugen eta segurtasunaren inguruan ados jartzeko, eta urtebete azken akordioa lortzeko». Era berean, Segurtasun Kontseiluari desafiorik ez egiteko deia egin du.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Abbasi bidea ixteko azken saioak
Obamaren ustez, palestinarren estatu aldarrikapenean «ezin da bidezidorrik onartu» eta bi aldeek negoziatu behar duteFrantziaren arabera, estatu behatzaile gisa aitortzeak egoera bideratuko luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu