SAUDI ARABIAKO MONARKIA

Abdula erregeak kargua hartu eta erreformazaleen itxaropena bilakatu da

Washingtonen politikarekin anaiordea baino kritikoagoa izatea atsegin dute herritarrek

Kristina Berasain Tristan.
2005eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Abdula erregeak ehunka auto, dozenaka jauregi, hainbat hegazkin pribatu, milioika harribitxi eta mila milioika dolar izango ditu gaurtik aurrera. Orain arte izan duena, baina, ez zen askoz ere gutxiago. Saud familiako kide izateagatik soilik urre artean bizitzera egokitu zaio jaiotzez Abdulari. Saudi Arabiako erregeak 30.000 milioi dolar dituela uste da. Lur azpian dauden petrolio erreserbak egiten dute aberats herrialdea munduko aurreneko ekoizlea eta esportatzailea da baina wahabismoaren arau zorrotzetan oinarritutako diktadura, aldiz, pobre.

Kolonbiako umeen heriotza tasa bera du Saudi Arabiak. Brasilgo garapen indize bera. Tanzaniako alfabetizazio tasa baino urriagoa. Zinbaweko eskolaratze tasa bera. Afrika eta Amerikako herrialde horietan ez bezala, per capita errenta, baina, 9.840 dolarretakoa da.Giza eskubideak urratzen dituzten munduko herrialdeen zerrendan aurrenekoa da Saudi Arabia. Emakumeek ezin dute boza eman, ezin dute autoa gidatu, ezin dute kalera bakarrik atera eta sendiko kide batek laguntzen dituenean burutik oinetaraino beltzez estalita egon behar dute.Alderdi politikoak eta giza eskubideen inguruko erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak barne, debekatuta daude. Prentsa eta adierazpen askatasuna zigortuta daude. Erreformaren aldeko pertsona ugari, ildo horretan, kartzelan daude. Tortura eta exekuzioak ohiko zigorrak dira. Exekuzioak maiz plazan egiten dira, jendearen aurrean, eta burua moztu egiten diote exekutatuei. AI Amnesty International erakundeak 2002. urtean orotara 79 pertsona exekutatu zirela eta 90. hamarkadan, berriz, 766pertsona jakinarazi zuen. Tortura sistematikoa dela eta zigorgabetasuna erabatekoa salatu zuen erakundeak.Horrekin guztiarekin batera, munduko petrolio erreserben %26a daude Riaden: 261.800 milioi upel. Errege sendiko kide diren 20.000 pertsonen eskutan dago, dena den, petrolioak uzten duen dirutza horren kopuru handiena. Orotara 26,4 milioi biztanle dituen herrialde honen pobrezia tasa, izan ere, handia da eta langabezia tasa, berriz, %15 eta %20 artean dago egun.

Urre beltza, panorama beltza

Panorama beltz honen aurrean, baina, urre beltzari esker, mundu osoko agintarien sostengua jasotzen du Riadek. Iraken ez bezala, baina, bertako petrolioa enpresa estatubatuarren esku dago.

Riad eta Washingtonen arteko harremanak estuak izan dira beti. Ekialde Hurbileko aliatu nagusia izan da Etxe Zuriarentzat. Riadek base militarrak ezartzea baimendu zien AEBei Golko Gerran. Fahd erregeak bertatik erretiratzeko asmoa agertu bazuen ere, orduz geroztik, herrialdean jarraitzen dute. Riadek petrolioa erruz saldu eta armak erruz erosten dizkio Washingtoni. BPG Barne Produktu Gordinaren % 12,8 Defentsan gastatzen du.Itun estrategikoa, baina, kaltetzen ari da. New Yorkeko irailaren 11ko erasoek inflexio puntu bat ezarri zuten bi herrialderen arteko harreman idilikoetan. Ustezko hemeretzi ekintzaileetatik hamabost saudiarabiarrak zirela baieztatu zuen Etxe Zuriak. Auzipetuen artean, berriz, errege etxeko hiru kide eta hainbat erakunde publiko daude. AEBetako Senatuko Inteligentzia Batzordeko zuzendari ohi Bob Graham horrela idatzi zuen: «Bushi ez zaio komeni jakitea zenbateko konplizitatea zuten ekintzaileek eta Riadek». Bandar printze saudiarabiarra presidentearen lagun mina da Bush eta erasoen ondoren 140 herrikidek jaioterrira bueltatzeko baimen berezia eman zien erasoen ondoren. Saudi Arabiako lobbyaren eragina murrizten ari da eta diru beste herrialdeetara bideratzen ari dira egun saudiarabiarrak. Ordura arte 400.000 eta 750.000 milioi dolar artean inbertitu zuten Washingtonen. Erresuma Batua, Frantzia eta Suitzara bideratzen ari dira egun inbertsioak. Bi herrialdeek interes komuna dute harremanak onak izan daitezen. Sandra Mckey idazleak ongi ezagutzen du bi herrialdeen arteko harremana eta horrela idatzi zuen Saudiarrak: Kazetari baten kronikak basamortuaren erreinu ezkututi: Saudi Arabiako errealitate soziala eta politikoa liburuan: «Saud etxearen aurka egitea da egin dezaketen gauzarik okerrena». Washingtoni egindako ohartarazpena da. «Riaden dute helmuga bide guztiak». AEB Ameriketako Estatu Batuetako Saudi Institutuko giza eskubideen ekintzaile Ali Al Ahmeden hitzak dira.

Abdularen erronka

Washingtonen atzerri politikaren kontrako ahots kritiko ugari daude egun Riaden. Iraken okupazioa eta palestinarren kalterako israeldarrei ematen dieten sostengua begi txarrez ikusten dute. Abdula errege berria ere talde horretan kokatu daiteke. Fahd erregeari ez bezala, mendebaldeari men ez egiteko ausardia aitortzen diote saudiarabiarrek. Herritarren artean, ildo horretan, bere anaiordeak baino sostengu zabalagoa du.

Saudi Arabia abagadune kritiko batean dagoenean iritsi da agintera, baina, Abdula. Indarkeria islamikoak nazioartean duen ohiartzuna gero eta handiagoa da eta agintariek wahabismoari dioten goresmena ez da lagungarria erreformen bideari ekiteko. Islamaren interpretazio zorrotza da wahabismoa. Erreformen bideari ekiteko eta demokrazia ezartzeko gero eta presio gehiago jasotzen ari da Riad. Abdula erregeak, ildo horretan, balizko udal hauteskundeak egin zituen berriki hainbat eskualdetan. Fahd erregea hil eta hurrengo egunean petrolio kupelak marka historikoa gainditu zuen: 55 dolar. Munduko esportatzaile nagusiena da 9,6milioi upel eguneko. Saudi Arabiako petrolioaren menpe dago, neurri haundi batean, nazioartea eta horren erakusle izan da mundu zabaleko agintariek egunotan izan duten jarrera, herrialde kontserbadorearen ekintza salagarriak beste behin isilaraziz.

abdula ibn abdelaziz

Saudi Arabiako erregea

Arabiar sutsua





Sauden sendi zabalean dauden erreformazale urrien artean dago Abdula Ibn Abdelaziz (Riad, 1924). Washingtonen Atzerri politikarekin beste senitartekoak baino zuhurragoak dira erreformazaleek. AEB Ameriketako Estatu Batuei men egiten dioten senitarteen artean ez dute begi onez ikusten baina horrexegatik, hain zuzen ere, haren anaoirdea baino sostengu zabalagoa du herritarren artean. Arabiar sutsua izateagatik eta herrialde arabiarren alde egiteagatik ere. Israel eta Siriaren kontrako adierazpenak egin izan ditu behin baino gehiagotan.

Fahd erregeak duela hamar urte burmuin hodietako isuria izan zuenean hartu zuen errege ardura Abdulak. Sauden etxean zatiketa izan ezean lan handia izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.