Onera datoz urak Kolonbiako bake prozesuan. Negoziazio mahaira itzuliko dira FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako eta Kolonbiako Gobernuko ordezkariak abenduaren 10etik 17ra bitartean. Kuba eta Norvegia ari dira elkarrizketak bermatzeko lanetan, eta herrialde horietako ordezkariek eman dute dataren berri.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bake elkarrizketak eten zituen iragan azaroaren 17an, gerrillak Ruben Dario Alzate jenerala eta haren laguntzaileak gatibu hartu ondoren. Gerrillak igandean askatu zuen jenerala, eta armada utzi zuen Alzatek asteartean. Auzia argituta, gobernua negoziazio mahaira itzultzeko prest agertu zen Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidentea.
Edonola ere, ez diote helduko azaroaren 18an egitekoak ziren biktimen inguruko 31 zikloari. Kolonbiako Gobernuko negoziatzaileen buru Humberto De la Calleren hitzetan, "azken egunetako gertakariei buruzko" ebaluazio bat egingo dute.
Abenduaren 16an helduko diote biktimen gaiari, orduan iritsiko baita Habanara biktimen bosgaren taldea.