70.eko hamarkada hasieran jarri zituzten zaintza postuak, eta Belfast mendebaldeko errrepublikanoen komunitateak zaintzeko erabili izan dituzte. Divis Dorreko 18. eta 19. solairuetara igo dira Erresuma Batuko soldaduak gaur, eta hiru hamarkada baino gehiagoan Sinn Feineko buru Gerry Adamsen barrutia kontrolatzeko erabili izan dituzten zaintza postuak eraisten hasi dira. Militarrek Dorreko azken bi solairuak uzten dituztenean, herritarrentzat hamar apartamendu eraikiko dira.
Sinn Feinek Ipar Irlandan duen legebiltzarkide Frank McCannek adierazi du auzo errepublikanoetako egoiliarrak gustora daudela Erresuma Batuko Gobernua probintziaren “segurtasunerako normalizazio plana” betetzen ari delako. “25 urtez zaintzapean bizi izan gara, eta pozik gaude Divis Dorreko miatze postuak eraisten ari direlako”, esan du McCannek. Gaineratu du probintzian ematen ari den desmilitarizazioa, unionistek hala uste ez arren, ez dela presaka egiten ari. “Orain 11 urte hasi zuen su-etena IRAk, eta Erresuma Batuko Gobernuak orduan agindu zuen ‘probintzia desmilitarizatzen’ hasiko zela. Baina, harrezkero, 11 urte pasa badira, ez zait iruditzen presaka dabiltzanik”, adierazi du legebiltzarkideak.
DUP Unionisten Alderdi Demokratikoko buruzagiak, Ian Paisleyk, esan du militar kopurua murrizteko Gobernuak hartu duen erabakiak Ipar Irlandan bakea lortzeko prozesuan “ondorio larriak” eragingo dituela.
irlandako bake prozesua
Abertzaleak nagusi diren eremuetako postu militarrak eraisten hasi da Londres
Erresuma Batuko Armada hasi da Ipar Irlandan abertzaleak nagusi diren barrutietan dauden zaintza postuak —Divis Dorre enblematikoa, esaterako— desegiten. Londresko Gobernuak “segurtasunerako normalizazio planaren” barruan hartutako neurria da, eta esan du IRAk iragarri bezala borroka armatua behin betiko uzten badu eta bide politikoari soilik eusten badio, bi urteren buruan militarren kopurua murriztuko duela. Sinn Feinek Ipar Irlandan duen legebiltzarkide Frank McCannek esan du errepublikanoak gustora daudela Erresuma Batuko Gobernuak “segurtasunerako normalizazio plana” abian jarri duelako. Unionistek, ordea, presazkotzat jo dute probintzia desmilitarizatzeko Gobernuak emandako urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu