Ekialdera zabaldu eta hogeita bost herrialdek osatuko dute gaurtik aurrera EB Europako Batasuna. Polonia, Txekia, Eslovenia, Eslovakia, Malta, Hungaria, Estonia, Letonia, Lituania eta Zipre uhartearen hegoaldeko alde greko-zipretarra soilik atzo arte hamabost herrialde biltzen zituen erakundearen barnean bilduko dira. 1958. urtean Belgika, Mendebaldeko Alemania, Frantzia, Italia, Luxenburgo eta Herbeheereak Europako Ekonomia Elkartea sortu ondoren, bosgarren hedapena izango da gaurkoa, inoizko handiena.
Hamar kide berrietan 75 milioi biztanle daude; ondorioz, EBren populazioa %20 igoko da hedapenarekin: orotara 455 milioi herritar bilduko dira orain. Ildo horretan, munduko lehenengo merkatua eta jende kopuruari dagokionez hirugarren eremua izango da, Txina eta India ondoren. Lur eremua ere %25 handiagoa izango da.Ekonomiaren alorrean ere aldaketak egongo dira. Hedapenarekin EBko Barne Produktu Gordina %5 soilik handituko da eta batez besteko per kapita errentak, berriz, %13 egingo du behera. Kide berrien Barne Produktu Gordina egungo kideen batez bestekoa baino %40 baino txikiagoa da. Ondorioz, 2006. urtera arte, EBk 69.500 milioi euro gastatuko ditu kide berriak gainontzekoen egoerarekin pareka daitezen.
Euroeszeptizismoa
Azken urteotan, dena den, erreforma ugari egin behar izan dituzte hamar herrialdeok EBn sartzeko baldintzak bete ahal izateko. Prozesua, dena den, bukatu gabe dagoela uste dute hainbatek. Ildo horretan, zortzi herrialde bloke sozialista ohiko parte zirela gogorarazi dute. Europako Politika Zentroko zuzendari Fraser Cameronek zalantzan jarri du bertan «benetako demokrazia» izatea: «Kultura eta tradizio ezberdineko herriak dira, eta ez soilik 40 urteko komunismoa izandutelako: jarduera demokratikoekin harreman urria dute eta giza eskubideen eta gutxiengoen eskubideen ikuspegia mugatua da».
Ekialdeko eta mendebaldeko herrialdeen arteko egoera aski desberdina da, beraz. «Nire ustez nolabaiteko tirabira egongo da datozen urteetan mendebaldeko eta ekialdeko herrialdeen artean: kide zaharrek jarrera hezitzailea izango dute, eta berriek, berriz, jarrera defentsiboa», zehaztu zuen Cameronek.Hedapenaren egoera berrira egokitzeko prozesua luzea izango dela ere iritzio dio: «Sistema legal, ekonomiko eta sozialak aldatuko ditugu aurrerantzean, eta horrek halako dardar moduko bat eragiten du gizartearen maila guztietan».Euroeszeptikoek geldialdia iragartzen duten bitartean, egonkortasuna, goraldi ekonomikoa, aniztasuna, elkarkidetza, nazioarteko eraginkortasuna sustatzeko aukera eta iraganeko bereizketak bukatzeko bidea dira hedapenaren aldekoek gehien aipatzen dituzten ekarpenak. Alta, ez dira gutxi agintarien baikortasuna eta hedapenaren onurak zalantzan jartzen dituzten adituak. Simon Taylor talde horretako adituaren ustez, hedapenak ondorio larriak izango ditu: «Errealitate kolpe itzela egongo da; izan ere, EBk asmo handiko proiektua egin zuen hedapenarekiko konpromisoa agertu zuenean». Hedapenaren inguruko ikerketa bat egin du Taylorrek . Bertan erabakiak hartzeko gaitasuna ahuldu eta negoziazio prozesuak zaildu eta moteldu egingo direla nabarmendu du: «Ekimenen erritmoa moteldu egingo da, dudarik gabe, hemendik aurrera».Bide horretan, eraginkor izan ahal izateko EBren barneko erakundeek erreforma handiak egin beharko dituztela ohartarazi dute. Konstituzioa onartzeko adostasuna lortzea izango da aurreneko pausoa ekainerako nahi dute.
Non daude mugak?
EBren hedapena, ordea, ez da gaurko zabalkuntzarekin amaituko. 2007. urtean Bulgaria eta Errumania sartzea espero da, eta Turkiak sartzeko eskaera egina du. Mugak noraino irits daitezkeen zehaztu behar dela eta etorkizunean 40 herrialdeko batasuna sor daitekeela ohartarazi dute. Ezaugarriak, balioak eta helburuak zehaztu gabe daude, ordea.
EUROPAKO BATASUNAREN HEDAPENA
Abian da 25en Europa
455 milioi herritar bilduko dira munduko lehen merkatuan eta eremu jendetsuenetako batean: EBn, alegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu