Eskozia. Independentziaren aldeko mugimendua

Abiapuntua, eguzkipean

Milaka lagun elkartu dira Edinburgon 'Independentzia Eskoziarentzat' lelopean, azken urteetako martxa handienetako bateanAntolatzaileentzat, manifestazioa lehen pausoa izan da 2014ko galdeketarako bidean

Manifestariak Edinburgo erdiguneko Princess Street lorategietan, Independentzia Eskoziarentzat lelopean egindako martxan, atzo. ALISTAIR LINFORD.
mikel rodriguez
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Lorategi hauetan behin baino gehiagotan mintzatu naiz jendetza baten aitzinean azken urteotan, baina inoiz ez tamaina eta hedadura honetako elkarretaratze bati». Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa pozarren agertu zen atzo Edinburgo erdiguneko Princess Streeteko lorategietan, independentziaren alde bildu ziren milaka lagunen aitzinean. Londresek Eskoziari 1998an autonomia itzuli zionetik egindako martxarik handienetako bat izan da, eta indartu egin du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak 2014an erreferenduma egiteko duen asmoa. «Bart arratsean Eskoziako zerua hodeiez garbitu den bezala, espero dugu kanpaina honek Eskoziak hurrengo urteetan hartuko duen bidea argitzea», erran du Salmondek.

Izan ere, Eskozian eguraldi iluna eta euritsua ohikoa den arren, eguzkia garbi agertu zen atzo Edinburgoko zeruan. Meadowseko lorategietan, 11:00etan, milaka lagun elkartu ziren, Princess Streetekoetaraino manifestazioa egiteko Independentzia Eskoziarentzat lelopean. Eskozia Bai gobernuaren kanpainatik at antolatutako martxa izan da, bainaSNPren eta kanpaina babesten duten bertze eragileen sostengua jaso du. 2014ari begira deituko diren hainbat ekitaldiren abiapuntua izatea nahi dute indar independentistek.

The Scotsman egunkariaren arabera, Edinburgon independentziaren alde egin diren martxarik handienetako bat izan da. Egunkari horrek dioenez, manifestari anitzek adierazi diote urtebete lehenago ez zutela independentziaren aldeko jarrera.

Hori bera azaldu du Aamer Anwar giza eskubideen aldeko abokatuak. Bere «bizitzaren zati gehienean» batasunean sinetsi duela adierazi du Anwarrek, baina orain bertzelako etorkizun bat nahi duela. «Hamarkada ugari iraungo duten murrizketak izanen ez dituena». Martxaren amaieran egin ditu adierazpen horiek, Princess Streeteko ekitaldian. Lehen ministroaz gain, alderdi politikoetako eta bertzelako gizarte eragileetako hogei kidek hartu dute hitza. Margo MacDonald parlamentaria eta SNPko kide ohia, hain zuzen, etorkizunera begira jarri da, eta erran du Eskozia independente bat ez lukeela ikusi nahi ez NATOren, ez Europako Batasunaren eta ez eurogunearen barruan. Puri-purian dago eztabaida.

Bi atxilotu liskar baten harira

Martxa baketsua izan den arren, Poliziak bi lagun atxilotu ditu, hainbat pertsonak Erresuma Batuko bandera (Union Jack) erakutsi dutenean sortu den liskar bat dela eta. The Scotsman-en arabera, atxilotuetako bat «nazionalista» da, eta bertzea eskuin muturreko BNP Alderdi Nazional Britainiarrarekin lotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.