BULGARIA

Abiatu dituzte aliantzak lortzeko negoziazioak

Simeon Sajonia-Coburgorekin gobernua eratzeko prest dira sozialistak

Erredakzioa
2005eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako bozetan joan den larunbatean garaile irten den BSP Bulgariako Alderdi Sozialista, orain arte gobernuburu kargutan zegoen Simeon Sajonia-Coburgo errege ohiaren inguruko indar politikoekin gobernu koalizioa osatzeko prest agertu zen atzo. Legebiltzarreko 240 diputatuetatik 82 baino ez ditu lortu BSPk, eta, beraz, gehiengo osorik ez dauka.

Bulgariako gutxiengo turkiarraren interesak ordezkatzendituen Askatasunen eta Eskubideen Mugimenduak erdietsitako 34 biltzarkideen babesa lortukobalu ere, Sergei Stanishev buru duen BSPk ez luke diputatu kopuru nahikoa, gehiengo osoa bermatzeko. Gauzak horrela, igandeko bozetan 53 diputatu lortu zituen Simeon Sajonia-Coburgoren alderdiarekin gobernurako aliantza bat osatzeaz beste alterbatiba askorik ez dute sozialistek. BSPko buruzagiorde Rumen Ovsharovek horrela esan zuen: «Zentristez kanpo ez dut beste gobernu partaiderik ikusten gehiengo bat osatzeko». BTV telebista katean egin zituen adierazpenak: «Gaur egun, lehentasuna da gobernu iraunkor bat eratzea eta EB Europako Batasunean sartzerako bidean Bulgariak herrialde egonkor baten irudia eman behar du».

Negoziazio zorrotzen atarian

Konstituzioak agintzen duenez, Georgei Parvanov presidenteak auteskundeetan boto gehien lortu duen indar politikoko buruari, Sergei Stanishevi, eskatu behar lekioke gobernu koalizio bat osatzeko ahaleginak egitea. BSPk gehiengoa osatzeko aukera eskasak dituenez, alta, Simeon Sajonia-Coburgoren alderdia orain arteko gobernuburuak berak karguan jarraitu dezan exijitzen hasi da. Nikolai Vassileb Garraio ministroak argi adierazi zuen: «Gu gabe oso zaila izango da gobernu bat osatzea». Milen Veltshev Finantza ministroa, berriz, are zehatzago mintzatu zen: «Gaur egungo lehen ministroak bere karguan jarraituko lukeen aliantza nazionaleko gobernu bat osatzea da, egia esan, blokeo politiko bat ekiditeko irtenbide bakarra».

Askatasunen eta Eskubideen Mugimenduko buruzagi Ahmed Dogan aukera honekin bat etor liteke, «zentro ezkerreko koalizio batean parte hartzeko prest» azaldu baitzen. Anartean, bai BSPk, bai Simeon Sajonia-Coburgoren aldekoek, bai turkiar gutxiengokoek erabat baztertu dute 21 diputatu izango dituen Erasoa alderdi ultranazionalista gobernu koalizio batean sartzea.Gobernua osatzeko negoziazioak, beraz, oso zailak eta zorrotzak izan daitezke eta hori ezinbestekoa izango da herrialdearen erronka nagusiena gauzatzeko: EB Europako Batasunean jada finkatuta dagoen epean sartzea, hau da, 2007. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.