Kosovoren subiranotasuna onartu duten bezala, bere independentzia ere onartzeko eskatu dio Abkhaziako Legebiltzarrak NBE Nazio Batuen Erakundeari. Errusiak eskualdeari ezarritako bahimenduak kendu ostean egin dute eskaera. Georgiaren menpe egon arren, autonomia handia du Abkhaziak, eta haren askatasun nahia ez da berria. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna sortu ostean, 1931n, Abkhazia Georgiarekin batzea erabaki zuten. 1992an, Georgia SESBetik banatu zenean, ordea, berarekin eraman zuen eskualdea, eta Sobiet Batasuna sortu aurreko Konstituzioa jarri zuen martxan. Horrek Abkhaziaren haserrea eragin zuen, zeinak bere kabuz independentzia aldarrikatu zuen. Nazioarteak, ordea, ez dio inoiz onartu subiranotasuna.
Abkhaziaren independentzia ametsa desegiten saiatu zen Errusia 1996an, hura zigortuz, baina alferrik. Azkenaldian, ordea, bien arteko harremanak hobetuz joan dira. Errusia da Abkhaziaren independentziaren alde agertu den herrialde bakarrenetarikoa. Horren froga da duela hamar urte jarritako zigorrak indargabetu zituela herenegun Moskuk. Georgiak gogor salatu du erabakia. «Georgiaren subiranotasuna eta batasuna urratzen eta separatismoa bultzatzen duen saio gisa soilik uler daiteke urrats hau», gaitzetsi du Georgiako Atzerri ministroak.
Abkhaziako Legebiltzarrak, bestalde, argudiatu du jada herrialde independentea eta demokratikoa dela berea, eta baduela gobernu propioa. Horiek hala, beren estatusa berresteko eskatu diete nazioarteko erakundeei. Antzeko eskaera egin zuen asteazkenean Georgiaren menpeko beste eskualde batek ere. Hego Osetiak eskatu zion nazioarteari bere kabuz aldarrikatutako independentzia berresteko.
Tbilisiko gobernuak, berriz, salatu du nazioarteak Kosovo onartzeagatik mendeku gisa bultzatu nahi dituela Errusiak bi eskualde horien nahiak.
Abkhaziak bere independentzia onartzeko eskatu dio nazioarteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu