Abkhazia errepublika autonomoan, Georgiako armadaren piloturik gabeko hegazkin bat bota zuten iragan apirilaren 20an. Airekoa Errusiak bota zuela ondorioztatu dute Nazio Batuen Erakundeko Behaketarako Misioaren ikerketa txosten batean. Moskuk, baina, gezurtatu egin ditu nazioarteko erakundearen akusazio hauek. Abkhaziak, berriz, objektibotasunik eza leporatu dio nazioarteko misioari. Hauxe irakur daiteke erakundeak argitara eman duen txostenean: «Egin ditugun ikerketen arabera, piloturik gabeko airekoa bota zuen hegazkina Errusiako armadarena zela ondoriozta daiteke».
Georgiak emandako radar irudiak eta desegina izan aurretik piloturik gabeko hegazkinak hartutako bideo zatiak aztertu dituzte behatzaileek. Haietan, Mig-29 edo Su-27 eredukoa izan zitekeen gerra hegazkin bat ageri zen Georgiako armadaren piloturik gabeko airekoaren kontra misil bat botatzen. Abkhaziako indar armatuek ez dute horrelako gerra hegazkinik; bai, ordea, Georgiatik bananduta dagoen errepublika autonomo honen babesle den Errusiak.
Moskuk, haatik, berehala arbuiatu ditu nazioarteko txostenaren ondorioak. Aleksander Drobitxevsi Errusiako Defentsa Ministerioko eledunak gezurtatu ditu akusazioak: «Gure aire armadaren hegazkin bakar bat ere ez da Abkhazia gaineko esparrutik ibili, eta, are gutxiago, misilik bota inoren kontra».
Georgiak gertaeren ostean egin zituen akusazioak ere salatu zituen Moskuk. Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak nazioarteko taldearen emaitzekiko poza azaldu zuen: «NBEk, lehenengo aldiz baieztatu du Georgiaren kontra oldar egite bat gertatu dela».
Errusiaren ildo beretik egin du Abkhaziak. Georgiatik berezitutako errepublika autonomo honek arbuiatu egin du nazioarteko txostena. Sergei Chamba Atzerri ministroak adierazi duenez ez dira fio nazioarteko erakundearekin: «Ez gara fidatzen txosten honekin;objektibotasunik ez duela iritzi diogu».
SU-ETENA KOLOKAN. Georgiak Abkhaziara piloturik gabeko airekoak bidali izana salatu du, halaber, nazioarteko txostenak. Horrela 1994. urteko maiatzean Georgiak eta Abkhaziak hitzartutako su-eten akordioa urratu izana leporatu dio nazioarteak Tbilisiri. Abkhaziak 1990. urtean aldarrikatu zuen independentzia. Georgiak tropak bidali zituen orduan errepublikara, baina ez zuen lortu Abkhazia kontrolpean hartzea. 1994ko su-eten akordioaz geroztik, Errusiako soldadu andana daude Abkhazian, Estatu Independenteen Konfederazioko bake indarraren barne.Su-etena errespetatzen dela kontrolatzen dute, halaber, nazioarteko 130 jardulek.
Apirilaren 20an, piloturik gabeko aireko bat bota ziotela aitortu zuen lehen aldiz Georgiak. Azken bi hilabeteotan espioitza militarrerako sei aireko bota dituztela ziurtatu du, alta, Abkhaziak. Georgiako agintariek gezurtatu egin dute hori.
Europako Batasuneko Atzerri ministroek, berriz, tentsioa murrizteko eta elkarren arteko harremanak hobetzeko deia egin diote Georgia eta Abkhaziari. Auziak kezka eragiten diela aitortu dute.
Abkhazian piloturik gabeko Georgiaren hegazkina Errusiak bota zuela jakinarazi du NBEk
Moskuk begiraleen akusazioak gezurtatu ditu; Abkhaziak «objektibotasun eza» egotzi dio NBEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu