ABORTUA

Abortu Legea gogortzea baztertu du Poloniako Parlamentuak

Besteak beste, abortatzen duten emakumeei eta haiei laguntzen dieten medikuei bost urte arteko kartzela zigorrak ezartzea eskatzen zuen lege ekinbideak.

Jendetza Vartsovian, Abortu Legea gogortzearen aurka. RADEK PIETRUSZKA / EFE
2016ko urriaren 6a
12:46
Entzun

Abortua ia erabat debekatzeko herri ekinaldi legegilea irailaren 23an onartu zuten tramiterako, Eliza katolikoaren eta Legea eta Justizia alderdi kontserbadorearen babesarekin. 450.000 sinadura inguru batu zituzten. Alderdiak, ordea, atzera egin du orain, argudiatuta ez dagoela ados espetxe zigorrekin. Boto askatasuna eman die alderdiak bere diputatuei.

Europako Batasuna osatzen duten estatuen artean Poloniakoa da abortuari buruzko lege gogorrenetakoa, eta hura are gehiago gogortzea zen lege ekinbidearen asmoa. Gaur egun, umekiak kalte handiak baditu, haurdunaren osasuna arriskuan badago edo haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio baldin bada aborta daiteke.

Proposamenaren arabera, haurdun dagoenaren bizitza arriskuan egotea zen abortua onartzeko salbuespen bakarra. 352 parlamentarik bozkatu dute legegaiaren aurka, eta 58k alde.

Joan den astelehenean, 100.000 lagun inguru elkartu ziren indarrean dagoen Abortu Legea gogortzearen aurka. Polska aldizkariak plazaratutako inkesta baten arabera, herritarren %74 daude legedia bere horretan mantentzearen alde, eta %50ek babestu zuten asteleheneko greba deialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.