Abortuaren aurkako zigorrak eteteko beste pauso bat eman du Mexikoko Auzitegi Gorenak. Auzitegiko 11 magistratuek aho batez ebatzi dute herrialdeko konstituzioaren aurkakoa dela estatuetako legediek «giza bizitza sortzearekin» hasten dela arautzea. Zehazki, Sinaloako Konstituzioko artikulu baten aurka ebatzi dute, eta harengan izango du eragin zuzena. Halere, jurisprudentzia ezarriko du ideia bera adierazten duten lege erreforma guztien aurkako helegiteentzat.
Sinaloako legediaren arabera, «estatuak bizitzeko eskubidea zaintzen du norbanako bat sortzen den unetik». Horrek, ordea, «ordena konstituzionala eta Estatu laiko, plural eta demokratiko baten balioak lardaskatzen ditu», Alfredo Gutierrez Ortiz epailaren arabera: «Emakumeei eta haurdun dauden pertsonei gehiegizko karga bat inposatzen die».
CNDH Giza Eskubideen aldeko Batzorde Nazionalak eta Sinaloako hainbat diputatuk jarritako helegiteari emaniko erantzuna da ebazpena, baina, estatu hartako legediari soilik ez, beste hainbat eremutakoei ere eragingo die. «Estatuek ez dute eskumenik pertsona kontzeptua eraldatzeko», azaldu du Goreneko epaile Norma Piñak. Haren esanetan, halako neurriek «Mexikoko justizia sisteman giza eskubideen jabetzaren inguruko aitorpenean» eragitea dute helburu, herrialdeko konstituzioaren aurkako litzatekeena.
Izan ere, Mexikoko hogei estatuk dute ezarria euren araudietan giza bizitza «sortzearekin» hasten dela. Horrek, teorian, ez du abortatzea debekatzen, baina «ziurgabetasun» egoera batean uzten ditu erabakia hartzen dutenak, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera: «Giza bizitzaren babesaren hasiera definitzeko aitzakiarekin, beste pertsona batzuen giza eskubideei mugak inposatzen dizkio; kasu honetan, emakumeei, euren gorputzaren inguruan erabakitzerako orduan».
Gorenaren erabakia asteartean ebatzitakoaren bidetik doa. Orduan, auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen abortatzeagatik zigortzea, Coahuila estatuko lege baten artikuluak ezabatzea erabaki zuenean. Neurriak abortatzen duten emakumeak eta interbentzio horietan parte hartzen duten osasun langileak espetxeratzea galarazten du.
Mexikon abortuaren inguruko legediak estatuen esku daude, eta, egun, 32 estatuetatik lautan besterik ez dago baimendua: Mexiko Hiria, Oaxaca, Hidalgo eta Veracruz. Zerrendara Coahuila batuko da laster, astearteko ebazpenaren ostean.