Irlanda

Abortuaren legea aldatzearen alde bozkatu dute herritarren %68k

Zenbaketa amaitu ez den arren, abortuaren aurkako taldeek galdutzat eman dute borroka. Gobernuak aurkeztutako lege proposamenaren arabera, kasu guztietan legezkoa izango da abortatzea haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan.

Baiezkoaren aldeko kanpainako irudia bilakatu da Savita Halappanava. Haurdunaldiko arazoen ondorioz hil zen Halappanava. AIDAN CRAWLEY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko maiatzaren 26a
07:56
Entzun

Botoen %60ko langa gainditzea zen agintean den Fine Gaelen helburua, era horretan lege proposamenak oztopo gutxiago izango baititu Parlamentuan, eta badirudi lortuko dutela. Izan ere, lehen emaitzen arabera, %68k bozkatu dute abortuaren legea aldatzearen alde eta %32 inguruk aurka.

Pozik hartu du emaitza Leo Varadkar lehen ministroak, eta iragarri du urte amaierarako indarrean egon litekeela lege berria. "Iraultza isila izan da hau. Irlanda joan den asteko herrialde bera da, baina apur bat atseginagoa, toleranteagoa eta moralagoa".

Ordea, aldeak nabarmenak izan dira adin tartearen arabera. Inkesten arabera, 65 urtetik gorakoen artean %58 inguru izan dira ezezkoaren alde bozkatu dutenak. Baiezkoa nagusitzen da, aldiz, gazteen artean, non galdekatuen %87 inguru agertu dira legedia aldatzearen alde.

Gaur egun abortatzen duen emakumeak hamalau urte arteko kartzela jaso dezakete, eta soilik haren bizitza arriskuan dagoenean onartzen dio haurdunaldia eteteko eskubidea. Ondorioz, urtetik urtera haziz joan da abortatzera atzerrira joaten direnen kopurua.

Herritarren babesarekin, ordea, Dublinek legea aldatu ahal izango du, eta proposamenak bere horretan aurrera egiten badu, kasu guztietan izango da legezkoa abortatzea haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan. Horretarako medikuek 72 orduko epea emango diote emakumeari hausnartzeko, eta tarte hori igarota erabakiari eusten badio, haurdunaldia eteteko pilula bat emango diote.

Horretaz gain, hamabi astetik aurrera eta 24. astera arte ere abortatu ahal izango dute, baldin eta euren bizia arriskuan bada edota haurdunaldia euren osasunerako arriskutsua bada. Kasu horretan bi medikuren oniritzia beharko da.

"Tragedia"

Emaitza ofizialak oraindik zabaldu ez dituzten arren, galdutzat eman dute erreferenduma abortuaren aurkako taldeek. "Tragedia izugarria da irandarren erabakia. Irlandan haur baten bizia eteten den aldiro gure ahotsa entzunaraziko dugu. Atzo oker zegoena, okerra da gaur ere", gaitzetsi du 8. emendakinaren aldeko kanpainak ohar batean.

Aldiz, pozez hartu dute emaitza Elkarrekin Baiezkoaren Alde kanpainako kideek. Ailbhe Smyth zuzendariordearen esanetan, "aldaketa historikoa da" Irladanko gizartearentzat: "Duintasunaren aldeko botoa da hau". Haiekin bat etorri da Sinn Feineko buru Mary Lou McDonald ere, eta esan du "aurreranzko urratsa" dela erabakia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.