Errumanian ez daude araututa sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak, eta aurrerantzean ere arautu gabe egongo dira. Ezkontza horiek etorkizunean onartuak izan ez daitezen konstituzioaren 48. artikulua aldatzeko helburuz, erreferenduma egin zuten atzo, sektore kontserbadoreenek bultzatuta. Ezkontide hitzaren ordez, emakumezko eta gizonezko jasotzea nahi zuten, eta, hala, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezkontzak bakarrik baimendu. Asteburuan egin dute galdeketa; abstentzio handiak erreferenduma baliogabetu du.
Parte hartzea %30ekoa baino txikiagoa izatea behar zen atzoko erreferenduma indargabetzeko, eta erraz iritsi dira zenbaki horietara. Datu ofizialen arabera, %20,41 baino ez dira joan bozkatzera. LGTBI mugimendua pozik agertu zen emaitzarekin: "Frogatuta gelditu da herritarrek balio demokratikoetan oinarritutako Errumania nahi dutela, eta ez gaituztela engainatuko gorrotoa eta zatiketa dakarten agenda politikoarekin".
2001ean kendu zituzten herrialde horretan homosexualitatea zigortzen zuten arauak, baina ordudanik ez dute urratsik egin. Europako Batasunean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartu ez dituzten herrietako bat da.
Robert Ratiu MozaiQ GKEko presidentearen arabera, kontserbadoreek nahi zutenaren kontrako mezua eman zuen atzo gizarteak: "Errumaniako Gobernu behartuta dago pertsona guztien arteko ezkontzak legeztatzera, berehala, baita LGTBI kolektibokoenak ere".
Familiaren Aldeko Koalizioa elkarteak bultzatu zuen erreferenduma. Duela bi urte, sinadurak biltzen aritu ziren, eta hiru milioi pertsonak bat egin zuten elkartearen proposamenarekin; hau da, errumaniarren %15ek. Iazko maiatzean, Diputatuen Ganberan eztabaidatu zuten, eta ganberak nabarmen egin zuen kontserbadoreek hauspotutako kontsultaren alde. Senatuak, berriz, joan den irailaren 11n ireki zion atea.