Aceh Askatzeko Mugimendua gerrilla taldeko buru ohi bat nagusi bozetan

Indonesiaren menpeko Aceh eskualdeko lehen bozetan %39,27ko sostengua lortu du Irwandi Yusuf hautagaiak

2006ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
GAM Aceh Askatzeko Mugimendua gerrilla taldeko eledun ohi Irwandi Yusuf da Indonesiaren menpeko Aceh herrialdean atzo eginiko hauteskundeetako behin-behineko irabazlea, LSI Indonesiako Inkesta Zerbitzuaren zenbaketa bizkorraren arabera. Gobernadorea, gobernadoreordea eta 19 alkatetza eta barrutiko buruzagitza hautatzeko bozetan acehtarren %39,27k sostengatu zuten Yusuf, eta %16,7k GAMeko jarraitzaile Ahmad Humam Hamid. Beste hautagaien emaitzen inguruko daturik ez zuten jakinarazi. 2,6 milioi acehtarrek zuten bozkatzeko aukera eta parte-hartzea %78,95ekoa izan zen. Nolanahi ere, behin betiko emaitzak urtarrilaren 2an emango dituzte. Halere, behin-behineko emaitza horiek betez gero, eta gutxieneko %25 gaindituta, bigarren itzuliaren beharrik ez du izango Yusufek. Ezusteko garailetzat jo dute adituek.

Zortzina hautagai aurkeztu ziren gobernadore eta gobernadoreorde postuetarako. EBk 82 behatzaile bidali zituen, eta AEBek 40. Gainera, Aceheko zein Indonesiako beste 70.000 behatzaile aritu ziren lanean. Bozketa egin bitartean ez zen gertaera handirik izan.

Irwandi Yusuf Aceh-eko gobernadore posturako lehiatu da, eta Muhammad Nazar izan du bidelagun, hau gobernadoreorde posturako aurkeztu baita. Humam Hamidek, aldiz, Hasbi Abdula izan du bozetarako bidaide. Hasbi Abdula GAMeko kidea da, eta erakundeko buruzagi gorenetako bat denBakthiar Abdularen anaia.

Hamid, Mofduko Unibertsitateko irakaslea, GAMeko jarraitzailea ere, UDP Garapenerako Alderdi Batua alderdiak proposatu du hautagai. Herrialdeko alderdirik handiena da UDP.

GAM-EN BARNE BANAKETA. GAM gerrilla ohiko kide eta jarraitzaileak banatuta aurkeztu dira bozetan, gerrilla independentistak eta Jakartako gobernuak bake akordioa sinatu zutenetik eginiko lehenbizikoetan. Indonesiatik bereizteko 1976tik elkartuta borrokatu arren, hauteskunde hauetan agerian geratu dira erbesteko zuzendaritzaren eta Acehen segitu duten ekintzaileen arteko banaketak. GAM KPA Acehen Trantsiziorako Batzorde bilakatu da, baina bozetan ez da alderdi politiko gisa aurkeztu, eta gobernadore, gobernadoreorde eta alkaterako independente gisa aurkeztutako 30 bat hautagaien aurrean ez du jarrera ofizialik hartu, nahiz eta hasieran GAMeko atzerriko buruzagi Malik Mahmudek Hamid eta Abdularentzako botoa eskatu zuen.

«Barne banaketa argia dago, baina nik uste dut GAMek batua irauten asmatuko duela eta ez dela hausturarik gertatuko», adierazi zuen Jakartako Unibertsitateko analista politiko Maswadi Raufek.

Adituek uste zuten Hamidek eta Abdalak osatutako bikotea nagusituko zela hauteskundeotan, baina hark GAMen guardia zaharraren sostengua jasota ere, gerrillari ohien botorik gehienak Yusufek eta Nazarrek osatutako bikotearentzat joan dira, beti ere behin-behineko datuen arabera. Nazar giza eskubideen defentsan aritzeagatik da ezaguna.

Raufen ustetan, GAMeko buruek azkenean jarraitzaileei boto askatasuna utzi izanak tirabirak leunduko ditu mugimendu independentistaren baitan.

Yusuf 2003an kartzelatu zuten, «matxinadaz» akusatuta, baina tsunami-ak 2004ko abenduaren 26an Aceh, Indonesia eta Asia zein Afrikako beste hainbat herrialde astindu zituenean haren espetxea urak hartu eta ihes egitea lortu zuen.

Olatu erraldoiek 168.000 pertsona baino gehiago hil zituzten Acehen, eta gerrillariak eta Jakartako gobernua beren lehentasunak aldatzera behartu zituzten.

2005eko abuztuaren 15ean Jakartako gobernuak eta GAM gerrillak elkar ulertzeko txostena sinatu zuten Helsinkin (Finlandia), bake prozesua hasi ahal izateko. Ondorioz, 15.000 pertsonaren heriotza eragin duen 30 bat urteko gatazka armatua konpontze bidean jarri zuten.

Halarik ere, GAMek independentziaren exijentziari -oraingoz behintzat- uko egin behar izan zion, baita armak entregatu ere, Aceherako autonomiaren eta hauteskunde demokratikoetan parte hartzeko aukeraren eta armadak bertakoak ez ziren soldaduak erretiratzearen truke.

Atzoko bozketaren emaitzak kaleratzen joan aurretik, GAMeko bozeramaile ohiak, Yusufek, esan zuen ez zela oso gogotsu aurkeztu bozetara, eta buruzagi erlijiosoen eta komandante gerrillarien eskarien ondorioz erabaki zuela lehiatzea. Kargu publikoaren ardurak eta ajeak honela laburbildu zituen: «Gobernadorea izatea kartzelan izatea bezalakoa da; ene askatasuna galduko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.