INDONESIA

Aceh autonomoa izatea hitzartu dute GAMek eta Jakartako gobernuak

Azken 30 urteotako gatazkari amaiera eman diote, bake akordioaren bidez

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Indonesiako Gobernuak eta Sumatrako uhartearen ipar-mendebaldean dagoen Aceh eskualdeko gerrillak bake akordioa sinatu zuten, atzo, Helsinkin (Finlandia). GAM Aceh Askatzeko Mugimendua gerrilla erakundeak uko egin dio independentziaren eskaerari, baina Jakartak, ordainez, autonomia zabala eta lurreko ondasunen gozamen bidezkoagoa onartu dio eskualdeari. Gainera, GAMeko kideei amnistia emango die, eta GAM alderdi politiko bihurtuko da. Azken 30 urteotan, 15.000 lagunen heriotza eragin duen gatazka honen baketzea kolokan jar dezakete, haatik, Jakartak Aceh-n armaz hornitutako miliziek.

Finlandiako hiriburuan azken sei hilabeteotan bideratutako negoziaketen emaitza izan da akordioa, eta atzo sinatu zuten bake akordioa Indonesiako Justizia ministro Hamid Awaluddinek eta GAMeko ordezkaritzako buru Malik Mahmudek. «Aro berri baten hasieran gaude», adierazi zuen, sinaduratik landa. Bakea hitzartze honen alde jardun duen CMI Gatazken konponketarako ekimena egiturako buruzagi eta Finlandiako presidente ohi Martti Ahtisaari ere han zen. Akordioa izenpetu zuten gelara, bideo transmisioz, sostengu mezu bat bidali zuen Indonesiako presidente Susilo Bambang Yudhoyonok: «Berebiziko gertakari garrantzitsu bat bizi dugu. Abiapuntu ona da, eta ahalegin oro eginen ditugu, bake prozesu hau lorpen bat izan dadin».Atzo sinatutako agiriak behin betiko moldaera eman zion iragan uztailaren 17an hitzartutako bake akordioari. Hitzarmenean, zehazki, Aceh-ko gerrillak uko egiten dio independentzia eskaerari eta Indonesiako Gobernuak, aldiz, ontzat jotzen du eskualdean bizi diren hiru milioi lagunak autonomia zabal batez jabe daitezen. Era berean, Indonesiako gobernu zentralak onartu du Aceh-ren ondasun naturalen bereziki petrolioa eta gas naturala ekoizpenetik ateratako dirua ondareen %70 eskualdean bertan gera dadin etorkizunean.Bake akordioaren testuak zehazten du, halaber, Indonesiak Aceh-ra bidalitako soldadu eta polizia gehienak jatorriz hangoak direnak izan ezik erretiratuko dituela. GAMek, bestetik, konpromisoa hartu du bere 3.000 gerrillari desarmatzeko eta desmobilizatzeko. Haatik, gerrilla erakundeak ohartarazi du bake prozesu hau galbidean ezar lezaketela Jakartak, gatazkak iraun duen urteetan, armaz hornitutako miliziek. «Miliziari horietatik batzuek ohartarazi berri dute GAMekokideak hilko dituztela, haiek armak entregatu bezain laster», salatu zuen atzo Malik Mahmudek, kazetarien aurrean, «milizia horiei aurre egiten badie GAMek, Indonesiako Armadak aitzakiatzat hartuko luke, ekitaldi militarrei berriro ekiteko, eta bake prozesuak porrot egingo luke».

Nazioarteko bake misio bat

Horrelakorik ez dadin gertatu eta atzo sinatutako bake hitzarmena gauzatua izango dela bermatzeko xedez, bakerako misio zibil bat eratuko da, Europako Batasunak eta Asia hego-ekialdeko nazioen elkarteko (Asean) kide diren Brunei, Filipinak, Malaysia, Singapur eta Thailandiak osatutakoa. Pieter Feith finlandiarra buru izango duen nazioarteko egitura horrek 250 begirale banatuko ditu Aceh-n. Haiek egiaztatu beharko duteIndonesiako Armadaren erretiratzea eta GAMen desarmatzea gauzatzen direla. Giza askatasunen auzitegi baten eta bakea egiteko batzordearen eraketa ere bermatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.